Zabalik dago Urriko Lehen Asteleheneko eta Azken Asteleheneko azoketan parte hartzeko epea

Gernika-Lumoko Udalak izena emoteko epea zabaldu dau urriko bi azoka nagusietan parte hartzeko: Lehenengo Astelehena, urriaren 5ean izango dena, eta Urriko Azken Astelehena, urriaren 26an ospatuko dena. Euskal Herriko baserritar, ekoizle eta artisauek irail osoan zehar aurkeztu ahalko dabez euren eskaerak merkatu berezi hauetan lekua lortzeko.

Urriko Lehenengo Astelehenerako izena emoteko epea irailaren 18ra arte egongo da zabalik; Urriko Azken Astelehenean egon gura dabenek, ostera, irailaren 30era arte aurkeztu ahalko dabe eskaera (egun hori barne). Salmenta lizentzia doakoa da eta Euskal Herriko ekoizle zein baserritarrei zuzenduta dago, azoka bakoitzeko atalen arabera.

«Urriko azokak Gernika-Lumoko nortasunaren parte dira eta lehen sektorearentzat nahiz egun hauetan herrira hurbiltzen direnentzat ezinbesteko topagunea izaten jarraitzen dabe. Ekoizle eta artisauen parte-hartzea erraztu gura dogu, Euskal Herrian erreferente diren azoka hauen izaera eta kalitatea mantenduz», adierazi dau Iñaki Gorroño Azoka eta Merkatu zinegotziak.

Tradizio luzeko bi hitzordu

Parte hartzeko, jarduera profesionala egiaztatzen dauen dokumentazioa aurkeztu behar da. Eskatutako agirien artean dagoz nekazaritza-ustiapenaren egiaztagiria, osasun-erregistroa eta elikagaiak manipulatzeko txartela, Ekonomia Jardueren Gaineko Zergan alta emonda egotea eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean izatea. Artisauen kasuan, Bizkaiko Foru Aldundiko edo Euskal Herriko beste aldundi zein elkarte batzuetako artisau-erregistroko alta-ziurtagiria ere beharko da.

Eskaerak aurrez aurre bideratu ahl dira Hiritarren Arreta Zerbitzuan (GERTU), Foru Plaza 3an (neguan 07:30etik 14:00etara). Bide telematikoz ere egin ahal dira ziurtagiri elektronikoaren bidez, edota beste administrazio batzuetan eta Postetxean.

Formulario zehatzak udalaren webgunean dagoz eskuragarri, ‘Izapideak’ atalean. Behin izena emoteko epea amaituta, Udalak eskaerak ebatziko dauz eta parte-hartzaile bakoitzagaz harremanetan jarriko da azoka ospatu aurreko astean, onartua izan den jakinarazteko.

Lehenengo Astelehenaren kasuan, ebatzi eta jakinarazteko gehienezko epea zortzi egun baliodunengoa izango da epea amaitzen denetik. Azken Astelehenerako, ostera, 15 eguneko tartea egongo da.

Bi egun honeek berriro bihurtuko dauz Gernika-Lumoko kaleak eta meza-plazak Euskal Herriko nekazaritza, abeltzaintza eta artisautza ekoizpenaren erakusleiho nagusi, bertoko produktua eta ekoizleen zein kontsumitzaileen arteko zuzeneko harremana protagonista izanda.