30 erraldoi batuko dira domekan Bermeon, Konpartsaren 20. urteurrena ospatzeko

Aurten 20 urte bete dira Bermeoko Erraldoien Konpartsa sortu zenetik, eta bi hamarkada horiek ospatzeko modurik onena pentsatu dabe konpartsako kideek: erraldoiz beteko dabez herriko kaleak. Domeka honetan, ekainaren 14an, Euskal Herriko hainbat txokotako konpartsak batuko dira Bermeon, eta guztira 30 erraldoi inguru ibiliko dira kalejiran.

Goizeko 11:00etatik aurrera abiatuko da desfilea Sanjuanportaletik, eta Alde Zaharra, Lamera eta Portuzarra zeharkatuko dauz. Bermeoko Erraldoien Konpartsarekin batera izango dira Sanduzelaiko Erraldoien Konpartsa Iruñetik, Ondalan Deustutik, LEBE Lekezittik, Irrintzi Donostiatik, Bihotza Konpartsa Urduñatik, Mundakako Erraldoiak eta Arrasateko Erraldoien Konpartsa. Eta dantzan jarriko dabez Bizkaiko Gaiteroen laguntzaz.

Baina ospakizunak ez dira domekan amaitzen. Izan ere, bi erakusketa jarri dabez ikusgai aurretik, Konpartsaren ibilbidea ezagutarazteko. Bat Arrantzaleen Museoan dago, ekainaren 14ra arte bisitatu ahal izango da museoaren ohiko ordutegian, eta bertan argazkiak eta ikus-entzunezko materiala batu dabez, urte hauetan bizitako une bereziak, egindako bidaiak eta lortutako erronkak gogoratzeko. Bestea Nestor Basterretxea aretoan antolatu dabe, ekainaren 13ra arte egongo da zabalik arratsaldeko 19:00etatik 21:00etara, eta han erraldoien panpinak, jantziak eta konpartsaren jardunarekin lotutako objektu eta bitxikeriak ikusi ahal izango dira.

Bi hamarkada hauetan, Bermeoko erraldoiak herriko jai, ospakizun eta ekitaldi nagusietako ezinbesteko protagonistak izan dira. Anton, Josefina, Lorentzo eta Mari ez dira soilik erraldoiak; herritarren oroitzapenetan, argazki-albumetan eta belaunaldiz belaunaldi transmititu diran bizipenetan txertatutako ikurrak dira. Haur askoren lehen oroitzapen festazaleak erraldoien dantzekin lotuta dagoz, eta helduentzat ere herri nortasunaren adierazpen berezi bihurtu dira.

Etorkizunari begira ere urrats garrantzitsuak emoten ari dira. Bermeoko Udala erraldoien panpin berriak egiten ari da, herriaren ondare kulturala indartu, berritu eta datozen belaunaldiei transmititzeko helburuagaz. Laster egongo dira denen eskura, eta horrela azken 20 urteetan egindako lanari jarraipena emango jatzio, erraldoiek Bermeoko kaleetan protagonismoa izaten jarrai daien.

Bermeoko Erraldoien Konpartsak eskerrak eman gura dizkie hogei urte hauetan bide honetan bidelagun euki daben pertsona guztiei: erraldoiak sorbaldan eroan dabezenei, jantziak josi eta zaindu dabezenei, antolakuntza-lanetan aritu diranei, laguntza eman dabeen erakunde eta elkarteei, eta oro har urte hauetan guztietan konpartsaren jarduerea babestu eta hauspotu dabeen herritar guztiei. Nadia Nemeh Shomaly alkateak esan dauanez, “erraldoiak ez dira soilik jaietako irudi ikusgarriak; herri baten nortasunea, memoria eta bizitasuna irudikatzen dabez. Gure erraldoiek hogei urte geroago, oraindik ere irribarreak pizten dabez, belaunaldiak alkartzen dabez eta Bermeoren izena harrotasunez eroaten dabe. Jarrai daiela, urte askotan, gure kaleetan historia eta ilusinoa eskutik helduta dantzatzen”.

Konpartsako kideek herritar guztiak gonbidatu dabez urteurreneko ekitaldietan parte hartzera. Ez da falta izango festa giro ona, irribarreak eta erraldoiekin batera dantzan jartzeko aukerarik.