“Bertsotan segiduko dot seguruenik ahotsa edo burua galdu arte”

10+10
AITOR BIZKARRA

Aitor Bizkarra abadiñarra izan da IV. Argi Baltza Sariketako irabazlea. 10 urte inguru ebazala hasi zan bertsolaritza munduan eta ordutik ez da geratu. Beragaz izan gara.
Noz eta zergatik hasi zinen bertsolaritzan?

10 edo 11 urte izango neukazan bertsotan hasi nintzenean. Aita eta bere koadrilakoak zale amorratuak izan dira, eta gogoan dot 2005eko Txapelketa Nagusiko finalerdietan eta finalean izan nintzela eurekaz, Iturriagak bigarren egin eban hartan. 9 urte nituen orduan. Esango nuke horrek piztu eustala harra.

Zer gogoratzen dozu oholtza batean lehenengo aldiz egon zinenetik?

Ez dot gogoratzen oholtza batera noiz igo nintzen lehenengoz. Gogoan dot 14 bat urte neukazala lehenengo saio “handia” kantau nebala Abadiñon. Presoen aldeko alkartasun-jaialdi bat izan zan eta han ezagutu nebazan Egaña, Colina, Lujanbio, Arzallus eta konpainia.

Zer esan nahi dau zuretzat Bertsolari Gazteen Sariketa irabazi izanak?

Argi Baltza gazte sariketa irabazi izanak niretzat esan nahi dau ziklo-itxiera moduko bat. Hau izan da seguruenik nire azken gazte sariketa; izan be, 29 beteko dodaz urrian, jada ez naz gaztea. Agur polita izan da gaztetasunari.

Zelan bizi izan zenduen finala? Zer izan zan gatxena, eta zer politena?

Finala lasai pasau neban, estuasun handirik barik. Ez nengoan bereziki inspirauta, beraz, gatxena ideiak ekartea eta itxuratzea izan zan; etorri, ez zirelako beste batzuetan moduan errez etorten. Politena, barriz, bertsolarion arteko kidetasuna izan zan. Maider Arregi neukan alboan eta asko animau ninduen, berak lagundu eustan goiari eusten.

Zelan prestetan dozu zure burua bertsoak botatzera igo aurretik? Badaukazu mania edo ohitura berezirik?

Benetako prestakuntza 2017tik 2020ra bitartean egin gendun guk, orduan izan ziren gure sukarraldi urteak. Geroztik, orduko errentetatik bizi naz. Txapelketa datorrenean hasten gara estutzen eta bertsoa buruan gehiago erabiltzen, ostantzean gitxi. Maniei jagokenez, ez dot mania zehatzik, aldatuz joaten naz, orain saio aurretik arrozesnea jan behar dodala sartu jat buruan, gero Bad Gyal entzuten joan behar dodala saiora bidean edo Tapia ta Leturia; saioa txarra urteten bada, maniaz aldatzen dot.

Zer da bertsolaritzaz gehien gozatzen dozuna?

Galdera honi ez dakit erantzuten. Bertsolaria naz, besterik barik, gustetan jat bertsotan egitea. Eta gero, ba, Maialen Lujanbio, joan ez dakit nongo baserri auzotara eta emakume hori bertsotan entzun, ez dot gehiagorik behar.

Badago bereziki miresten dozun bertsolaririk?

Gehiago be badagoz, baina Maialen Lujanbio da nire debilidadea. Ez da oso erantzun orijinala. Amets, Sustrai, Igor, Unai, Zubeldia, Nerea… asko gozetan dot horreekaz. Baina, en fin, Lujanbio beste gauza bat da.

Zure ustez, zer da garrantzitsuena bertsolaritzako mundu honetan hasten/hazten dabilen gazte batentzat?
Gazte batentzat garrantzisuena? Segun zer lortu nahi dauan. Arrakasta nahi baldin badau, merkatu-analisia eta jende egokiaren hegalpea aholkatuko neuskio. Barrikuntza estetikoa edo/eta politikoa egitea bada bere aspirazinoa, beste bide batzuk dira egokiagoak. Ez badauka pretentsinorik eta besterik barik bertsoaz gozau nahi badau, hautau daizala erosotasun hori emoten deutsien ingurua eta agertokiak. Ez dago erantzun bakarra.

Zer esango zeunskio bertsotan probetako jakin-mina daukan zure adineko norbaiti?

Kar-kar. Proba dagiala parrandan. Eta autokontzeptu egokia izaten saia daitela.

Urte batzuk barru zelan gustatuko litxakizu zure burua bertsolaritzeagaz lotuta ikustea?

Zelan ikusiko naben ala ze lotura izango dodan bertsolaritzeagaz? Kanpo-irudia besteek eraikitzen dabe, norberak eragina daukan arren horretan. Nik non egon nahi dodan? Ez dot horretan pentsetan, egia esan ez daukat plan edo espektatiba pertsonalik. Bertsotan jarraituko dot seguruenik ahotsa edo burua galdu arte.


 

LABURRAK

Euskal Herriko txoko bat

Behorlegi, holan, bote-prontoan.

Liburu bat

Seda, Alessandro Bariccorena.

Abesti bat

Simulacro, Rafael Berriorena.

Hondartza ala mendia?

Taberna.

Janari bat

Onddo nahaskia.

Pelikula bat

The Florida Project, Sean Bakerrena.

Zaletasun bat

Ahotsak.eus-eko alkarrizketak entzutea. Ez nahasi Ahotsa.info-rekin.

Ohitura bat (herrikoa edo etxekoa)

Ez daukat ohiturarik. Ben Yartek esaten dauan moduan, “Ben el hombre con menos costumbres del mundo Yart”.

Hiru hitzetan zer da zuretzat bertsolaritza?

Bota bildurrik barik.

Amets bat

Hori Alaitz eta Maiderren kantua da.