Bermeotarra, pentsalaria, dantzaria eta antzezle nekaezina. 1992an Bermeon jaiotako sortzaile honek Filosofia (EHU) eta Dantzerti (Bilboko Arte Eszenikoen Goi Mailako Eskola) uztartu dauz bere ibilbidean, eszenatokiei zein pantaila handiei barruko sugarrez heltzeko. Horman Poster kolektiboan ibilia eta Tribiz Korta Eszenikoa bere sormen-aterpe izanda, Eukalyptus, Antigone edota telebista zein zinemako dozenaka proiektutan (Karmele, Zeru ahoak, Go!azen, Azken erromantikoak) ikusi dogu bere sormen indarra.
Filosofia EHU-n eta Dantza garaikidea Dantzertin. Bermeotik abiatuta, zelan uztartzen dira zeure buruan kontzeptu filosofiko teorikoak eta gorputzaren mugimendua oholtza gainean?
Niretzako Antzerkia modu koletiboan pentsetako modu bat da edo izan daiteke behintzat. Oholtza ganean ideiak garatu, kontraesanak jolastu, eztabaidatu, … moduren batean publikoaren aurrean tresnak jarten dira publikoak pentsetako, proboketako, emozionetako, …
Tokiko sustraiei eustea eta sormen independenterako leku propioa euki ahal izatea ez da erreza. Zer esan gura dau zuretzat Bermeon berton sormen-kabia hau izateak?
Ba lehengo eta behin erosotasuna, Bermeo bazter batean dago eta nik nire entseguak edo entrenamenduak izateko espazio bat izatea etxean lujo bat da, lan asko egin ondoren sortutako lujoa. Horretaz gain, neuk bakarrik ekoizten dodaz antzezlanak, eta aktore lanetan nabil, … muskulo gitxi daukat eta asko laguntzen deust espazio bat beti prest izateak.
Zure proiektuek sarri ikutzen dabez gizartearen zein lurraldearen minak eta gai politiko zein sozialak. Zerk bultzatzen zaitu gai zehatz honeetara eta zer erantzun jaso dozu ikusleengandik?
Lehen esandako moduan niri oholtza ganean pentsetea interesetan jat, eta horretarako gai potoloak be behar dira. Sarritan antzerkian beti lantzen dira gai berdinak, ondo dago, ez dot kontrakorik esaten, baina gustetan jaku apur bat frikiago jartea eta basogintzan inguruan hausnartzea, edo kolapso globalaren inguruan…
“Antigona” lanak (Donostia Antzerki Saria jasotakoak) oihartzun handia izan eban. Zelakoa da sormen prozesua talde-lanean aritzea orduak eta orduak entsaiatzen zabilzenean?
Badaukaz bere gauza onak eta bere gauza txarrak. Ez dogu ezer idealizauko ze sormen prozesuak, batez be holango dana entseguetan sortzen danean, testuak, ekintza, istorioa, … oso gora-beheratsuak izaten dira. Baita lanarekiko, ze gauza politak deskubritzean asko ilusionetan zara, zentzua hartzen dau, gustora zagoz. Baina gero hori findu behar da, erabaki egin behar da zein dan idearik onena antzezlanerako.
Hondamendia edo “La sed del Minotauro” lako lanetan ibili zara. Zer emoten deutsu beste konpainia eta zuzendari batzuen proiektuetan interprete soil moduan sartzeak?
Bada, hasteko, lasaitasun ekonomikoa, ze ez naz proiektu barri bat pentsetan ibili behar denpora osoan, ez naz fabrika bat bihurtu behar. Beste alde batetik, lankide barriak ezagutzea, lan egiteko modu ezbardinak, areto berriak, … lanbidea ikasteko beste aukera bat.
Karmele, Zinemaldian aurkeztuko dan Sacamantecas, Aro berria, Ocho… Azken urteetan zineman ibilbide geldiezina daroazu. Zinemako kameren aurrean egotea eta antzerkiko oholtza zuzenean sentitzea… zein neurritan dira uniberso desbardinak zuretzat?
Niretzako oso mundu desbarinak dira. Batez be baldintzak, denporak, lan egiteko forma, ez horrenbeste aktore moduan zelan lan egiten dan, hori be bai, baina gehiago ekoizpenaren ikuspuntutik. Antzerkiak gehiago dauka talde lanetik, energia asko behar da, sozialagoa da, erritualagoa. Zineman, badago talde bat, jente mordoa, baina lana indibidualagoa da, bakotxak bere rola dauka.
Netflix-eko “Intimidad” edo Balenciaga-tik hasi eta ETBko Go!azen edo Zeru ahoak-era arte. Zelan moldatzen zara hain publiko eta erregistro ezbardinetara bideratutako lanen artean saltoka ibilteko?
Ahal dodan moduan. Saiatu behar zara zuzendariak buruan daukan unibersoan sartzen eta hor jolasten, azkenean zuk hiru lanegun daukazuz baina zuzendariak eroan ahal dauz urteak eszena horretan pentsetan. Batzutan asmatuko dozu eta besteetan ez, baina tira, horretarako egiten dogu lan, gauzak topetako eta hobetzeko.
Merina Gris (Ardi latxen erdian) zein La M.O.D.A. eta Gorka Urbizugaz lanean be ikusi zaitugu. Zerk erakartzen zaitu musika-proiektuetako ikus-entzunezkoetan parte hartzeko orduan?
Batez be lagunek egindako bideoklipak direla, Arriguri taldeko lagunak neba-anerrebak legez dira, eta lantzean behin nigaz akordatzen dira proiktuetarako eta gustora sartzen naz. Bideoaklipak egitea dibertigarria da ez dagoelako testurik eta orduan lan egiteko beste molde batzuk zabaltzen dira.
Eugenio Barba, Alex Rigola, Andres Corchero… Mundu mailako irakasle handiakaz trebatu zara. Zein izan da jasotako aholkurik preziatuena edo zure antzezteko modua gehien aldatu dauan ikasgaia?
Bada, batek esan eustan egiten dogun hori edo esaten doguna geratu behar dala gure eta publikoaren artean. Hau da, publikoarentzat eta guretzat egitearen arteko orekan egon behar dala, modu horretan, publikoak nahi dauana hartu ahal dau, eskura dauka baina ez presinopean.
Bermeoko semea izanda eta eskualdeko panorama ikusita, zelango osasuna dauka antzerkiak eta arte eszenikoak gure herrietan, eta zer beharko genduke gehiago harrobi honi eusteko?
Hain zuzen be, harrobia falta dala esango neuke. Badagoz mineralak, herramintak, talentua, gogoa, … baina harrobia falta da. Uste dot beste eskualde batzutan errezagoa dala ume batentzat bere burua arte eszenikoan imajinetea. Baliabideak dagoz laguntzeko, sormenak egiteko, jaialdiak ikuslegoa indartzeko, talde amateurrak, …
+ 10
Oholtza gainean jarri aurreko ohitura edo mania bat?
Zenbat publiko dagoen kuxkuxeatu
Filosofo bat edo bizitzako lema bat?
Friedrich Nietzsche
Bermeoko lekurik gogokoena deskonektetako?
Talape
Markau zaituen antzezlan bat?
Dimitris Papaioannouen “Transverse Orientation”
Zinema ala Antzerkia?
Antzerkia
Antzezku gurako zeunken personaje bat?
Joseba Sarrioinandia
Egun luze baten osteko bazkari edo afari ezin hobea?
Bermeoko txurreriko pizza
Entsegu ostean entzuteko musika talde edo abesti bat?
It´s a long way, Caetano Veloso
Dantzan egiteko moduko momentu bat?
Dutxatu aurretik
Amets bat datozen urteetarako?
Gero eta gitxiagogaz bizitzen ikasi



