“Argi eta garbi daukagu edozein proiektuk kutsu sozial potentea izan beharko leukela”

Matxitxako T.K.T. txirrindulari taldeak hasieratik argi euki dau bi gurpilekiko pasinoak gizarteari laguntzeko tresna baliagarria izan behar dauala, hainbat ekitaldi solidariotan parte hartuz. Lehen edizinoetan Eutsi Gogor Denok Batera elkarte bermeotarrarekin alkarlanean aritu ostean, klubak hirugarren urtez jarraian Aspanovasekin daukan aliantza estrategikoari eutsi dautso eta joan den uztailaren 4an Serrats Aldapa Xtrem Bike Marathon lasterketaren laugarren edizinoa egin eban. Eurekin berba egin gendun proba horren emoitzaz eta berorregaz lotutako motibazinoaz.

Laugarren edizinoa izanda, Serrats Aldapa Xtrem martxa gure eskualdeko egutegian errotuta dagoan hitzordua dala argi dago. Zapatuan bizi izandakoaren ostean, zelan baloretan dozue aurtengo erantzuna eta jentearen berotasuna?

Matxitxakotik egin dogun balorazinoa oso ona izan da. Gure helburua 300 txirrindulari alkartzea izan zan eta ia-ia lortu egin dogu. Kontuan hartu behar da aurtengoa ez dala izan Euskadiko txapelketa, beraz, pozik egoteko arrazoiak badagoz. MTB eta Bike Marathon diziplina egiten dabenek, Euskal Herritik zein kanpotik, euren egutegian gure froga sartu egin dabe.

Pedalkada bakotxak zentzu berezia dauka proba honetan. Hirugarren urtez jarraian, Aspanovas alkarteagaz egin dozue aliantza, Bizkaiko minbizidun umeen proiektuak laguntzeko. Zer sentitzen da kirola eta alkartasuna maila honetan buztartzean?

Matxitxako TkT taldean argi eta garbi daukagu edozein proiektuk kutsu sozial potentea izan beharko leukela. Horregatik, gure proposamenetan beti dago holango erakunde bati laguntzeko apostua. Zapatuan ASPANOVASeko arduraduren iribarrea ikusi genduanean, guri harrotasun puntua be sortu jakun. Euren proiekturako 3.125 € emotea plazerra izan zan, eta hori gure babesle eta parte hartu dabenen laguntza barik ez zan posible izango.

Aurten 300 txirrindulari inguru batzeko erronka jarri zenduen mahai gainean, Euskal Herrikoak zein kanpokoak. Helburua lortu dozue?, zelango feedback-a jaso dozue kanpotik etorri diren kirolariengandik Urdaibaiko parajeen inguruan?

Gure helburua lortu dogu, eta datorren urtera begira be horrek indarra emoten deusku. Kriston feedback-a jaso dogu, zapatuan zein sare sozialetan. Bidean, antolakuntza, boluntarioek egindako lana, … parte hartzaileek mezu oso positiboak bialdu deuskuez. Kontutan izan behar da Urdaibai leku zoragarria dala kirol hau egin ahal izateko. Gure martxaren leloa INFERNU BERDEA erabili dogu, eta horrek be jentea erakarten dau.

Ibilbideei begira, bi aukera oso zorrotz diseinau zenduezan (41 km eta 61 km, 2.000 metrorainoko desnibelagaz!). Zergatik da garrantzitsua zuentzat maila tekniko eta fisiko altu horri eustea, izenak dinoen moduan, “Xtrem” izate hori?

Bike Marathon diziplinak ibilbide gogorra merezi dau, ez dago froga asko SERRATS ALDAPA XTREMek eskeintzen dauana beteten dabenik. Gure proposamena ezberdina da, gogorra eta polita, seguruenik beste martxa batzuk gure aldatsak, gure paisaiak eta gure azpiegitura nahiko leukiez, baina gureak dira, Bermeo eta Urdaibaikoak.

Xtrem? Bai, zergatik ez?

Esan dozue mendiko bizikletak normalean eskuraezinak diren Urdaibaiko txokoak ezagutzeko aukera emoten dauala. Zein izan da aurtengo ibilbideko txokorik bereziena edo korrikalariek gehien goraipatu dabena?

Tribusburu eta Kostaldeko ikuspegiak Sollubetik. Bermeo eta Urdaibai goitik ikusteko aukera emoten deutsegu txirrindulariei. Normalean menditik ibilten garenok gozatzen doguzan gauzak dira eta beste txirrindulari batzuek be gauza bera kontau deuskue.

Ekitaldi handi baten atzean jente askoren lana dago. Zelangoa izaten da Matxitxako K.T. barruan horrelako martxa bat antolatzeko sukaldeko lana, batez be uztailaren hasierako data hau lortzeko?

Laugarren urtea bete dogu aurten. Zorionez, eta eskertu egin behar da, boluntario eta babesleen konpromisoa sendotzea lortu dogu. 200 lagun inguru ibilten dira antolakuntzan. Baina, 2025. urteko aldapa pasau ostean  hurrengo egunetan hasi ginen 2026koa prestetan, bide barriak, egitura, datak, estrategia, balorazinoak eta abar. Hor 17 persona inguruko talde traktore bat osatu dogu, baina beharrezkoa izan da MATXITXAKO TKTko bazkideen laguntza, boluntarioak be ekartzeko.

Bermeoko Udala eta Orkatzeta lako babesleen laguntza ezinbestekoa izan da. Zenbateraino da garrantzitsua tokiko alkarte eta erakundeen arteko sare hori holango erronka solidario handia aurrera ateratzeko?

Orkatzetagaz daukagun harremana oso ona da, eurek guri laguntza emoten dauskue eta, guk be euren proposamenei babesa emoten deutsegue. Herri txiki batean beharrezkoa da eta harreman hau sendotzeko lanean jarraituko dogu. Euren lana eta kolaborazinoa eskertu behar doguz.

Bermeoko Udala be beharrezkoa da, momentu batzutan ez dogu sentidu babesik eta haserrea sortu da gure taldean, holako gauzak hurrengo hilabeteetan argitu eta azaldu egin beharko doguz Udaleko arduradunekaz batera.

Seguru gagoz alkarregaz egingo dogula aurrera, baina herrian eta Urdaibain daukagun martxa balorau behar dabe.

“Gizarteak erronka handiak daukaz, eta bizikletagaz txikiagoak emoten dabe”, adierazo dozue. Zer irakaspen emoten deusku txirrindularitzak (esfortzuak, aldatsak igoteak…) gaixotasun baten aurka burrukan dabilzan umeen prozesuagaz alderatuta?

Umeek erakusten deuskue zer dan burruka egitea eta minbizia sufriduten dabenek gehiago, euren erronka bizitzarena da, gurea, barriz, aldatsak igotearena.

Txirrindularitzan be batzutan bizikletagaz aldapa gogor bat ikusten danean nekea sortzen da, baina taldean mendiak igo zeinkez. Txirrindulari bakotxak bere bizikletan pedalei eragiten badeutse be, talde-lanak dana errezten dau.

Inskripzinoen diru guztia eta babesleen laguntzak osorik doaz Aspanovasera. Badaukazue aurten bildutakoaren balorazinorik, eta zelan lagunduko dauan diru horrek alkartearen egunerokoan?

MATXITXAKO TKTk martxagaz ez dau dirurik irabazi nahi, lehenengo urtetik argi eta garbi euki dogu hori. Gastu polotoak badagoz; zorionez, gastuak  kenduta ASPANOVASi laguntza emoteko aukera izan dogu. Aurten, lehen aipatu dogun moduan, 3.125 euro jaso ditu alkarteak. Eta eurek komentau ebenez, Gurutzetan familientzako daukien azpiegituran erabiliko dabe. Azkenean, umeen familiek etxetik kanpo denpora piloa pasetan dabe eta ASPANOVASek nahi dauana da familia horreek ahalik eta ondoen egotea egoera latz horretan.

Datozen urteetan bilketak handitu nahiko geunkez eta hurrengo hilabetetan Urdaibaiko enpresa eta erakundeekin harremanetan jarriko gara 2027. urtean euren babesa lortu eta indartzeko.

Uztailaren 4koa pasata, gure irakurle askok hurrengo urterako gogoa eukiko dabe seguruenik. Zein da Serrats Aldapa Xtrem martxaren etorkizuneko amesa edo hurrengo erronka?

Lehenik eta behin bosgarren urteurrena ospatuko dogu, beraz, datorren edizinoa berezia izango da. Zergatik ez barikuan erlojuaren kontrako froga bat? Zapatukoaren aperitibo moduan? Txapelketa barriro? UCI froga? Amesak eta erronkak mila, baina iparra galdu barik bidea egin beharko geunke. Pausoz pauso, hori bai, Urdaibaiko txirrindulariek 2027rako hitzordua daukie Bermeon.

10+10

> Aldapa bat:

Matxigora mendiak eta Sollube errepidean.

> Ibilbide laburra ala luzea?:

Luzea.

> Mendia ala errepidea?:

Biak.

> Bizikletaz deskonektetako txoko bat:

Urdaibai

> Pedalei eragiteko abesti bat:

“Aldapan gora” Huntzarena

> Janari bat indarrak berreskuratzeko:

Marmitakoa.

> Serrats Aldapa Xtrem berba bakarrean:

Gatxa da berba bakarrean azaltzea, atsotitza erabiliz “non gogoa, han zangoa”.

> Jasotako dirua emoterakoan zer sentitzen da?:

Poza eta harrotasun positiboa.

> Zapatuko momentu bat:

ASPANOVAS eta parte hartzaileen irribarrea

> Ames bat:

500 txirrindulari Bermeon gure martxan gozetan.