Nerea Mendizabal

Psikologoa

Guztion barruan dagoen istorioa: minaren eta askapenaren arteko bidea

Askotan ematen du sufrimendua bizitzaren parte finkoa dela, ia oharkabean sartzen den eguneroko bidelagun bat. Baina askotan, gertatzen dena ez da minaren iturria, baizik eta nola interpretatzen den. Gertakari bera pertsona bakoitzak modu ezberdinean bizitzen du, eta horrek erakusten du sufrimendua ez dela egoeraren ondorio zuzena, baizik eta pentsamendu jakin bat sinesten denean sortzen den erantzuna.

Denon barruan agertzen dira halako ahotsak: “Inori ez diot axola”, “Hau ez zen gertatu behar”, “Ez naiz nahikoa”, “Honek baztertu egiten nau”… Pentsamendu horiek ez dira errealitatea bera, baizik eta buruak eraikitako narrazioak. Eta narrazio horiek zalantzan jar daitezke. Ez da autoengainua; ikuspegi berriak posible direla aitortzea baizik.

Byron Katie-ren The Work ikuspegiak horixe proposatzen du: sufrimendua sortzen duen pentsamendu bat aztertzea lau galdera sinple erabiliz. Baina galdera horiek ez dute erantzun mentala eskatzen; ez da buruarekin “pentsatzea”, baizik eta barruan entzutea.

  1. Egia al da pentsamendu hau?

  2. Ziur zaude egia dela?

  3. Zer gertatzen da, nola sentitzen zara, nola erantzuten duzu pentsamendu hori sinesten duzunean?

  4. Nor izango zinateke pentsamendu hori gabe?

Ez da ariketa logiko bat. Ez da hitzak aldatzeko teknika bat. Ez da jokaleku mentalean esaldi positiboak jartzea, baizik eta gorputzean sentitzen den egia entzutea. Egiaren aurrean, gorputzak erreakzionatzen du: tentsioa askatzen da, arnasa zabaltzen da, barne bake puntu bat agertzen da.

Adibidez, “Inori ez diot axola” pentsamenduarekin egotean, mina, bakardadea edo desesperantza senti daitezke. Une batez gelditu, arnasa hartu eta barrura begiratzen bada, beste ikuspegi bat ager daiteke: “Badaude pertsonak nire bizitzan, eta agian, nik ere merezi dut nire arreta eta maitasuna. Zer egin al dudan nerekiko arreta eta maitasuna elikatzeko?” Baina buelta hori ez da buruak sortua; isentziatik datorren jakintzaren oihartzuna da.

Hortik hasten da askapena: barruko diskurtsoaren ardura hartuz, barne-boterea berreskuratzen da. Ez da sufrimendua ukatzea, ezta egoerak alaitasun bihurtzea ere. Mina bizitzaren parte da, baina sufrimendua ez da derrigorrezkoa.

The Work-ek ez du kanpokoa aldatzeko premiarik planteatzen. Proposamena da: dagoena onartzea, gertatzen denarekin ez burrukatzea, eta horrela, egoeraren aurrean dugun jarrera aldatu ahal izatea. Jarrera berri horretatik, baliteke muga bat jartzea, eskari bat egitea edo urrats bat ematea, baina hori ez da erreakzio bat izango, baizik eta bake puntu batetik sortutako ekintza koherentea.

Denon barruan bizi da istorio zahar bat, batzuetan errukigabea eta nekatua. Istorio horiek automatikoki bizitzen badira, patroi bihurtzen dira. Baina galde daitezke. Eta galderaren bidez, istorio horrek beste forma bat har dezake.

Mina ezin da beti saihestu. Baina bizipenari ematen zaion esanahia, eta barnean kontatzen den istorioa, aldatu egin daiteke. Eta hor hasten da eraldaketa.