Nerea Mendizabal

Psikologoa

Komunikazio ez bortitza

Nire bizitza pertsonalerako eta profesionalerako sendotasun gehiago eskainiko dizkidaten lanabesen bilaketan, Marshall Rosenberg-en komunikazio ez bortitza (KEB) topatu nuen duela 15 urte. Nire ibilbidean ardatz nuklear bat aurkitzea bezalakoa izan da. Bertan, nire bizitzako gainerako bideak egiteko tresnak aurkitzen ditut, galtzen naizenean berriro ere bidea aurkitzen laguntzen nautenak. Bere konkrezio mailak erakarri banindu ere, sakontasun eta sotiltasunez betea egoteaz gain, hautemangarria eta estimulatzailea suertatzen zait.

Baina, zeri deitzen diogu bortizkeria? Denok onartzen dugun indarkeria dago irainetan, erasoetan, jotzeetan… Baina paradigma horren barruan, bestea mintzeko, urrutiratzeko edo defentsan jartzeko egiten edo esaten dugun guztiari bortizkeria deritzogu. Hau da, bortizkeria lirateke epaiak, etiketak, exijentziak, arrazoia eduki nahi izatea, kuestionatzea, gutxiestea, konparatzea… Horrelako elementu sotilak aurkitzeak edo ezagutzeak argitasuna ematen digu, batzuetan komentario txiki batek norbait itxi edo defentsan jartzea ekartzen baitu. Sarritan ez dugu ulertzen zergatik jarri den horrela, eta ondorioz, gehiago haserretzera eramaten gaitu.

Beraz, zeri deituko diogu ez bortitza? Hurbiltasuna sortzen duen guztia sartuko dugu paradigma horretan, erakarpen magnetikoa duen eremu bat izaten laguntzen duen guztia. Ez da indarkeriarik ez jartzea, baizik eta hurbiltasuna, erakarpena sortzea.

KEBren helburua kalitate handiko konexioa sortzea da. Horren bitartez, batak bestearen egoera ezagututa, bi alderdientzako irtenbide onuragarriak izango diren emaitza lortzea ahalbideratu dezake. Guztion beharrak ikusi eta zaintzea bilatzen da eta, beraz, denok izango dugu irabazi edo aberastu izanaren sentsazioa.

KEB ez da zerbait mekanikoa edo automatikoa, eta erabiltzen ditugun hitzek ez dute bermatzen komunikazio mota hori. Ditugun elkarrekintzetan jartzen dugun kontzientzia eta intentzioak zer esan handia du, eta, horregatik, dudan asmoa edo energia esanguratsuagoa izango da erabili ditzakedan hitz zehatz edo perfektuak baino. Gure asmoa zein den egiaztatzeko, Marshall Rosenbergek galdera honi erantzutea proposatzen zuen: «Zertan jolastu nahi duzu, arrazoia edukitzen ala zoriontsu izaten?».

Bizitzen ari naizen egoera konkretu batean, niri eta beste pertsonari gertatzen ari zaionarekin konektatzeak nire esperientzia pertsonala zintzotasunez adierazteko gaitasuna eta besteari enpatiaz entzuteko gaitasuna eskatzen ditu. Eta hori, hautematen edo jasotzen ditudan hitz edo ekintzak baino haratago doa.

Zintzotasunez adierazteko edo enpatiaz entzuteko gai izateko, ezagutu beharreko piezarik garrantzitsuenak ase nahian gabiltzan beharrak dira. Gizaki guztiontzat unibertsalak diren balore, grina edo aspektu garrantzitsuak, edonor hazi eta loratzeko beharrezkoak ditugun baldintza ezinbestekoak dira. Horiek dira gure ekintzak egiten ditugun moduan egitearen arrazoi edo motorra, gure motibazioak. Marshallek zioen moduan, gizakiok gure premiak asetzen saiatu besterik ez dugu egiten, horretarako erabiltzen ditugun modu edo estrategiak, batzuetan, traketsak, kaltegarriak edo tragikoak izan arren.

Eta prozesu honetan, sentimenduak mezulariak dira, gure beharrak ase diren ala ez ohartarazten diguten abisuak (sentimendu atseginak dira beharrak asetuta ditugun seinale, eta desatseginak, ordea, ase gabe dauden beharren adierazle). Autoko aurreko paneleko seinaleek autoak behar dituen aspektuetan pistak ematen diguten moduan, gure emozioek gizakion beharren berri eman nahi digute. Entzun eta deszifratu nahi?