Erleen azken ziztada

Ezaguna da Euskadi Irratiko entzule kirolzaleentzat Kepa Iribar kazetaria. Idazle bezala bere debuta egin zuen 72 ordu liburuarekin eta bere ibilbide hasi berria berrestera dator Erleen azken ziztada bigarren nobela.

Juan Sebastian Elkanoren lehorreratzean girotutako trama beltza ondu zuen orduko hartan, eta bi garaitan —II. Mundu Gerra eta gaur egungo Euskal Herria— kokatu du nobela berria.

«Bi denbora lerroak lotzen saiatu da Kepa. Biak lotzen dituen misterioaren inguruan ondu du trama. Galdera bat nabarmenduko da kontakizunean hasieratik: zenbat iraun dezake iraganaren pozoiak?», azaldu du Inazio Mujika Iraolak asteazken honetan egin duten prentsaurrean.

Pozez hartu du editoreak bigarren liburua. «‘Bigarrena noizko?’, galdetu nion lehen nobelaren aurkezpenean. Egungo zuenaren hitzik ez zuen eman eta hemen dator bigarrena. Ez da liburu bakarreko idazlea dagoeneko».

Hasierako eszena indartsua nabarmendu du Erein argitaletxeko editoreak. «1944. urtean gertatzen da Bidasoa ibai ertzean, II. Mundu Gerra bukatzear dela. Alemaniarren ihesa kontatzen du. Moralki lauso samar dabilen pertsonaiaren abiapuntua da. Gaur egungo haria Getarian kokatu du. Bahiketa baten bidez eman dio hasiera istorioari», esan du.