Touré detektibearen sagatik aldentzeko premia sentitu du Arretxek, eta Euskal Herrian eta pertsonaia euskaldunekin kokatu du trama berria, Arbizun: txistortegian lapurreta egin dute gau batez, eta kate kriminal bat ezagutuko du irakurleak, Zuriñe detektibearen urratsei jarraituta.
Jon Arretxe (Basauri, Bizkaia, 1963) idazleak eleberri berria aurkeztu du: Txerriak eta loreak (Erein). Hamar urte baino gehiago pasa ditu Touré detektibearen kasuekin bueltaka, mundu marjinala erakusten, eta etxegabeak eta prostitutak pertsonaia printzipal moduan aurkezten. Istorioak ez ziren Euskal Herrian kokatzen, eta pertsonaiak ez ziren euskaldunak. Orain, kontrako bidea egin eta ondo asko ezagutzen dituen lekuetan kokatu du nobela beltza.
Protagonistak, oraingoan ere, nabarmentzeko moduko profila dauka. Zuriñe Ruiz de Gorgoa du izena, abizen aldetik arabarra da, judoka izandakoa, eta Downen sindromea du. Ereineko editore Mujikak definitu duenez, «bere kabuz eta determinazio handiz» mugitzen den pertsonaia bat da Ruiz de Gorgoa, halako batean «enkargu bat» jasotzen duena, «bide konplexuetara» eramango duena. Arretxek zerbait berezia bilatu nahi izan du Down sindromedun pertsonaia protagonista gisa ipinita, motibo berezirik gabe, orain moda-modan dauden polizia autonomikoen detektibe intrigetatik aldentzeko asmoz.