Harrizko bihotza

«Nahi dudana egin dut liburu honetan», aitortu du idazle gasteiztarrak. Hiztegi baten tankerako liburua idatzi du, hitz bakoitzari, lehenik, hiztegiko definizioa emanda; eta ondoren, hitz horren bueltan, bere pentsamenduetan edota bizipenetan sakonduta. «Hiztegietara jotzen dugu hitz baten definizioa lortu nahi dugunean, eta idatzi ere horrela egiten dugu, definizio edo erantzun bila».

21 urte igaro dira lehen liburua kaleratu zuenetik, eta Jaioren esanetan, esentzia berari jarraitzen dio oraindik ere, «emozioa hitz bihurtzeko saiakerari». Dio «konstante bat» izan dela bere bizitzan. Liburu berri honetan, A-tik Z-ra ordenatuta, mordo bat hitzi zentzu pertsonala emateko ahalegina egin du. Lehenik, kurtsiban, hitz bakoitzaren hiztegiko definizioa aurkituko du irakurleak; eta gero, hitz edo kontzeptu horren bueltako testutxo bat eskribitu du idazleak: zenbaitzuk lotura dute bere iraganarekin, haurtzaroarekin; eta beste batzuk gogoeta intimo edota politikoak dira, oroitzapenak, errealitatea ikusteko manerak, idazteari buruzko hausnarketak…

Lan «intimoa» dela esan daiteke, «ageriago» ikusten du bere burua testuotan, aurrekoetan baino. Munduari begiratzeko duen manera islatu du hemen ere, baina beste era batean.