“Kirolak denbora asko eskatzen dau, baina momentu honetan oso motibatuta nago. Egia esan, nire kirol-bizitzako unerik onenean sentitzen naz”

Joanes Goitisolo gernikarrak kirol ibilbide oparoa dauka. Kirol zientzietan eta jardueretan eta heziketa fisikoan lizentziatua, indar eta kore entrenatzailea da, eta oso emaitza onekin lehiatzen jarraitzen dau. Urrian Euskadiko Triatloi Txapeldun izendatu zen eta abenduan Bizkaiko Kros Txapeldun. Berarekin hitz egin dogu bere ibilbidea ezagutzeko.

Nola hasi zinen kirolean? Zer izan zen lehen pausoa edo pizgarria?

Kirolaren munduan hasi nintzen, kuadrillako gehienak bezala, futbolean jolasten. Hala ere, 18 urte neukazenean futbolez nekatuta sentitu nintzen eta, nire kabuz, korrika egiten hasi nintzen. Lasterketa batzuk egiten hasi nintzen, eta egia esan, atletismoa eta korrikako probak gero eta gehiago gustatzen hasi jatezan.

Ikusi dogunez errepideko lasterketetan, kros probetan, duatloietan eta triatloietan, besteak beste lehiatzen zara. Nola moldatzen zara hainbeste kirol modalitate uztartzeko eta egutegi hain kargatu bat aurrera eroateko?

Egia da azken finean triatloiaren munduan ordu asko sartu behar dirala, hiru diziplinak lantzea eskatzen dauelako. Nire egunerokoan, normalean aste barruan bi edo hiru kirol egiten dodaz. Arratsaldez lan egiten dodanez, goizak aprobetxatzen dodaz, eta normalean orduan entrenatzen naz.

Zer ematen dautsu modalitate bakoitzak? Bakar bat aukeratu beharko bazendu, zeinekin geratuko zinen eta zergatik?

Azken finean, hiru modalitate desberdin diranez, errutinea askoz errazagoa eta arinagoa egiten da. Ez zara kirol berbera beti praktikatzera mugatzen, eta horrek egunerokotasuna asko aldatzen dau. Igeriketa, bizikleta eta korrika uztartuta, entrenamenduak egunetik egunera moldatu ahal dira, eta ez dira beti hain monotonoak izaten. Horrek egiten dau kirol hau politagoa eta erakargarriagoa izatea.

Nolakoa da zure eguneroko jarduna entrenamenduen eta atsedenaren arteko oreka mantentzeko?

Nire egunerokotasuna nahiko erraza da. Goizeko zortziretan igerilekura joaten naz; nigatik izango balitz, lehenago be joango nintzateke, baina zortziretan zabaltzen dabe. Ordu horretan hasten dot eguna, igerilekuan, ordu eta laurden edo ordubeteko entrenamendu bategaz.

Normalean ordu erdi inguruko tartea hartzen dot etxera bueltatzeko, aldatzeko eta janaria prestatzeko, eta 10:30ak aldera hasten naz bigarren saioagaz: bizikletan bada, entrenamendu luzeak izaten dira, bi, hiru edo lau ordukoak; korrikan bada, ordu eta erdi edo bi ordura arteko saioak izaten dira.

Bazkaldu ondoren, batzuetan hirugarren entrenamendu saioren bat izaten dot lanera joan aurretik; bestela, zuzenean lanera joaten naz, eta arratsalde osoa lanean pasatzen dot.

Kirolaria izateaz gain, entrenatzaile pertsonala ere bazara. Zer ekarpen emoten dautsu zuri alderdi horrek, bai maila profesionalean bai pertsonalean?

Nik IBEF ikasi neban, eta ikasketa horrei esker jendeari laguntzeko eta prestakuntza fisikoaren arloan lan egiteko aukera daukat. Gaur egun entrenamenduak prestatzen eta jartzen nabil, eta egia esan, alderdi horrek ekarpen asko emoten dostaz. Jende desberdinaren errealitateak ezagutzen dozuz: errutinak, bizimoduak eta helburuak, guztiak ezberdinak. Ni saiatzen naz ahalik eta gehien motibetan, eta entrenamenduak bakoitzaren egunerokotasunera moldatzen.

Maila pertsonalean, euren lorpenak ikustea da gehien betetzen nauen gauzetako bat.

Maila profesionalean be, asko gustetan jat jendea pozik ikustea eta denboragaz hobekuntza hori heltzen dala ikustea.

Zure ustez, entrenatzaile izateak hobetu egiten al dau zure errendimendua kirolari gisa?

Entrenatzaile izate hutsak, nire ustez, ez dau zuzenean nire errendimendua hobetzen beste jendea entrenatzeagatik. Nik neure entrenatzailea daukat, bera da niri entrenamenduak jartzen daustezena, eta nik, kirolari moduan, berak esaten dauana ahalik eta hoberen betetzen saiatzen naz.

Nola definituko zenduke 2025. urtea? Zer balorazio edo deskribapen egingo zenduke?

2025. urtea, kirol arloan, oso ona izan da niretzako. Egia da lasterketa batzuetan errore pertsonalak izan dodazela, edo egunik onena ez neukala eta errendimendurik onena ezin izan dodala emon, baina orokorrean oso pozik nago egindako urteagaz. Zorionez, eta horrela izaten jarraitzea espero dot, ez dot lesinorik jasan, eta egia esan, kirol arloan oso urte ona izan da.

Zeintzuk dira 2026. urteari begira daukazuzen helburu nagusiak?

2026. urteari begira, helburu nagusiak normalean antzekoak izaten dira: nire markak hobetzen saiatzea, eta batez be, egiten dodazan lasterketekin eta ematen dodan errendimenduagaz pozik geratzea. Azken finean, maila gero eta altuagoa da, jendea gero eta prestatuta dator, eta hori ez dago nire esku; nire esku dagoana da nik ahal dodan guztia egitea eta egindakoagaz gustura geratzea.

Zein garaipen edo emaitzak egin dautsu ilusiorik handiena orain arte, eta zergatik?

Niretzako, eta nik uste dot balorerik handiena daukan garaipena, 2023an Lekeitioko triatloian lortutakoa izan da. Guk World Series” moduan ezagutzen dogun proba da: kanpotik jende asko etortzen da, maila handiko kirolariak, baita profesionalak be, eta oso lasterketa berezia izaten da. Gainera, lagun asko daukadaz bertan, eta han irabaztea niretzako kristoren garaipena izan zan.

Kirolaz harago, zer egitea gustatzen jatzu denbora librea daukazunean?

Zorionez, daukadan bikotekidea be kirolaria da, eta bixok asko baloratzen dogun gauza bat lasaitasuna da: deskantsatzea, eta erritmoa apur bat bajatzea da. Niretzako, denbora librean gustukoenetakoak dira paseotxo bat emotea ondoko herriren baten, iluntzean edonora joatea itsasoa ikustera, edo zapatu arrats-iluntzean kanpoan afaltzea.

GALDERA LABURRAK

Triatloiko modalitate gustukoena:
Txirrindularitza

Korrika asfaltoan edo mendian:
Asfaltoan


Hondartza edo mendia
:
Mendia

Distantzia motzak edo luzeak:
Motzak

Filmak edo telesailak:
Telesailak

Entrenamendua goizean edo arratsaldean:
Goizean

Lehiaketa edo entrenamendua:
Lehiaketa, nahiz eta entrenamenduak asko disfrutau

Datuak edo sentsazioak jarraitzen daukazuz:
Sentsazioak

Gozoa edo gazia:
Gozoa

Jan ala lo egin:
Jan