Migrazioa, espekulazio urbanistikoa eta Lurraren defentsarako erresistentzia ekintza bat txirikordatu ditu bere hirugarren eleberri beltzean. Pertsonaia nagusiak, Lurra eta Larru izenak atzean utzi, eta Larra deituko dio bere buruari orain.
2017an eman zion hasiera bere trilogia beltzari Ernesto Prat Urzainkik (Berriozar, Nafarroa, 1978), hain zuzen (H)ilbeltza beka irabazi eta haren fruitu Telleria eta gero, zer? eleberria argitara eman zuenean. Genero beltzean idatzitako lehena izan zuen hura, eta zapore mikatza utzi zion; traman sortutako korapiloak askatzea nekeza egin zitzaiola eta nobela beltzik ez zuela berriz idatziko esaterainokoa. Denborak mikatza gozatzen erakutsi zion ordea, eta 2024an, zer, eta lehenengoaren segidatzat jo litekeena plazaratu zuen: Mendeku eskubidea. Egileak berak esanda, harekin «baketu» zen idazketarekin. Hura plazaratu eta bi urtera heldu da Muga hautsien hegalak, Baztango lurretan girotutako trilogia itxiko duen eleberria, (H)ilbeltza nobela beltzaren asteari lotuta heldu ere, gainontzeko biak bezala. Asteazkenean aurkeztuko du bertan.
Pertsonaia nagusi batek eta berak lotzen ditu hiru eleberriak, aldiko izen berri bat hartzen baldin badu ere: Lurra zuen izena lehen eleberrian; bere burua berrasmatu behar, eta Larru izan zen bigarrenean; eta orain, berriro ere hutsetik hasi behar izan duela eta, Larra goitizena hartu du.