Bermeon eraso matxista baten inguruan dabilen bulo batez ohartarazi dabe

Bermeoko Udalak herrian dabilen bulo batez ohartararzi dau eta nahasmenduak saihesteko puntu batzuk argitu dabez.

Alde batetik argitu dabe joan den hilabetean salatu eben erasoaren harira, erasotzailea salatuta eta atxilotuta dagoela. Eta egin dabien argitalpenean “adingabe baten aurka zabaldutako buloa salatzen ari gara. Hau da, bi kasu desberdin dira”.

Bestalde, Bermeoko Udalak seriotasunez eta arduraz heltzen jakela mota honetako kasu guztiei. “Barne-protokolo espezifikoa dugu eraso matxisten aurrean jarduteko, eta kasu guztiak Ertzaintzaren, Udaltzaingoaren, Osakidetzaren eta Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen informazioarekin kontrastatzen dira” azpimarratu dabe.

Hau da argitalpen osoa:

“Azken egunotan gure herrian informazio faltsu bat, bulo bat, zabaldu da, ustezko indarkeria matxista kasu bati lotuta. Gezurrezko informazio horrek ondorio larriak izan ditu, eta adin txikiko batzuen aurkako akoso-egoerak eta erasoak eragin ditu. Egoera hau guztiz onartezina da.

Buloa zabaldu zen unetik bertatik, Ertzaintza eta Udaltzaingoa ikerketa-lanetan ari dira, gertatutakoa argitzeko helburuarekin. Egin diren egiaztapenen arabera, une honetan ez dago ez biktimarik ezta inputaturik ere ustezko eraso matxistari dagokionez, eta, beraz, zabaldutako informazioa gezurrezkoa dela baieztatzen da.

Lehenik eta behin, argi adierazi nahi dugu indarkeria matxista ezin dela inola ere erabili buloak, gezurrak edo manipulazioak sortzeko. Indarkeria matxista errealitate larria, benetakoa eta egiturazkoa da, eta horri arduraz heltzea ezinbestekoa da. Horrelako erabilera arduragabeek kalte egiten diete benetako biktimei, eta indarkeria horri aurre egiteko urteetan egindako lana ahultzen dute.

Bestalde, azpimarratu nahi dugu adin txikikoak bereziki babestu beharreko pertsonak direla. Haien aurkako seinalatzea, jazarpena, mehatxuak edo edozein motatako erasoa ezin da onartu, eta are larriagoa da jokabide horiek gezurretan edo susmo faltsuetan oinarritzen direnean. Helduon ardura da haien segurtasuna, ongizatea eta duintasuna bermatzea.

Horren harira, jakinarazi nahi dugu buloa sortu eta zabaltzen ari diren pertsonen aurkako neurri legalak hartzeko helburuarekin ikerketa abiatu dela, erantzukizunak argitzeko eta halako jokabideek ondorioak izan ditzaten.

Azkenik, herritar guztiei ardura, lasaitasuna eta errespetua eskatu nahi dizkiegu. Zurrumurruak ez zabaltzeko eta informazioa kontrastatzeko deia egiten dugu, eta egoera honi arduraz erantzutera gonbidatzen dugu herritar oro.

Nadia Nemeh Shomaly
Bermeoko alkatea”