“Musikalki hazteko be, komunidade moduan hazi behar da, eta alkarregaz egin”

Bermeotik eta Busturialdea abiapuntutzat hartuta, Bogdan Ruma DJ eta musika ekoizleak ‘The North Mix’ bultzatzen dau, tokiko eszena elektronikoa indartzeko jaiotako proiektua. SoundClouden argitaratutako saioen eta hainbat gunetako boloen bidez, ekimenak ikusgarritasuna emoten deutso sortzen dabilen talentuari, DJ barrientzako aukera sare bat bilakatuz.

Zelan gogoratzen dozu Plopenitik (Errumania) Bermeora heldu zinenekoa, eta etapa horrek zelan eragin deutsula sentitzen dozu, maila personalean zein artistikoan?
Bermeora etorri nintzen sasoia gitxi gogoratzen dot, egia esan, bost urte neukazan eta. Aita zain neukala besterik ez dakit, eta bera ikustean negar egin nebala. Apurka kulturara eta hizkuntzara ohitzen joan nintzen, niretzat oso garrantzitsuak dira eta. Artista izateko orduan, eragin handia dauka nogaz alkartzen zaren eta norengandik ikasten dozun; nik, musikalki, iparraldeko erreferente onenetatik ikasi dot.

Zer rol izan dau musika prestakuntzeak zure ibilbidean eta zelan islatzen da orain elektronikeagaz lan egiteko dozun moduan?
Berebiziko garrantzia dauka. Txikitan hasi nintzen musika eskolan, pianoa eta solfeoa ikasten, eta momentu hartan elektronikan pentsetan ez baneban ee, formazino horrek oso oinarri garrantzitsua emon eustan. Entzumena garatzen, musikaren egiturea ulertzen, eta nahasteko eta ekoizteko orduan sentsibilidade handiagoa izaten lagundu eustan. Hori guztia nire “set” edo saioetan eta nire abestietan islatzen da gaur egun. Oinarri horreri esker, etenin barik hazten, gauza barriak probetan eta eboluzionatzen segidu neikeala sentiduten dot, egiten nabilelan ganeko kontrola galdu barik.

Noz sentidu zendun musika entzuteko zerbait izateari itxi eta egin nahi zendun zerbait izatera pasau zala?
Aldaketa hori apurka-apurka heldu zan. Harreman publikoetan lan egitean, gabeko munduan eta eszena elektronikoan barneratzen hasi nintzen, ez bakarrik publiko moduan. Hor hazten joan zan mundu horren parte aktiboa izateko interesa, entzuten bakarrik ez geratzeko interesa. Denporeagaz, desio hori benetako helburu bihurtu zan, pausoa emotea eta DJ legez hastea lortu neban, eta, ordutik, harritzeko eta berritzeko moduak topetan jarraitzen.

Zer ikasi zendun DJ moduan emon zenduzen lehen pausoetatik eta zelan uste dozu markatu zintuela ondoren etorri zanerako?
Akatsak karu ordaintzen direla ikasi neban, baina baita beharrezkoak direla be. Huts egiten dozunean, konturatzen zara gogo, arreta eta lan gehiago jarri behar deutsazula egiten dozunari. Denporeagaz, akats horreek motibazino bihurtzen dira: gainditzera eta ez konformetara behartzen zaitue. Pentsamolde hori lagun izan dot geroztik, eta aurrera egiten jarraitzeko gakoa izan da.

Saio edo “set” bati aurre egin behar deutsazunean, zer da ezinbestean jenteari transmitidu gura izaten deutsazuna?
Batez be energia ona. Niretzat funtsezkoa da jenteak abestiak sentidutea, musikeagaz konektetea baita beragaz gozetea be, nik gozetan dodan moduan. Publikoak dantzan egiten badau, askatzen bada eta pistan giro positiboa sortzen bada, saioak bere helburua bete dauala sentiduten dot.

Zerk bultzatu zintuen The North Mix martxan jartzera eta zer behar pertsonal edo kolektibo sentiduten zendun atzean?
Zerbait barria sortzeko beharra neukan eta hobetzeko erronka pertsonal batean nengoen. Momentu baten konturatu nintzen nik bizi izandako egoera (aukera falta, geldialdiak…), beste DJ batzuei pasau ahal jakiela. Hortik aurrera sortu zen ‘The North Mix’, tokiko DJ barriei ikusgarritasuna eta aukerak emoteko asmoz, elektronikaren munduan ezagutarazteko.

Zer espazio mota sortu nahi zendun proiektuan parte hartzen daben DJentzat?
Espazio parebakoa sortu nahi neban, sortzen ari zan tokiko talentua ardatz hartuta; SoundCloud musika plataformara igoten genduzen saioak hemengo artistenak baino ez ziren leku bat, benetako leiho bat emonez beren lana erakusteko eta agertokiaren barruan mobitzen hasteko.

Kabina edo eszenatokia beste batzukaz partekatzerakoan, zer balio iruditzen jatzuz ezibestekoak eszenaren barruan?
Errespetua, zalantzarik barik. Musika eszenan falta ezin dan zerbait da, eta, ganera, ez litxake inoz galdu behar. Artisten arteko, publikoanganako eta besteen lananganako errespetua da danak funtzionau dagian oinarria.

Zer emoten deutsu ekoizpen musikalak zuzenekoaren aldean eta zelan nabarmentzen dira bi alderdi horreek zure egunerokoan?
Gaur egun erabat eskutik doazen bi alderdi dira. Nahiko normala da klub handiek beren DJei musika propioa ekoizteko eskatzea, eta horrek ekoizpena funtsezkoa bihurtzen dau artistaren hazkunderako. Zuzenekoak eta estudioak eten barik alkar elikatzen dira eta prozesuaren beraren parte dira.

Bolo zehatzetatik haratago, musikaren barruan zer eraikitzen jarraitzea gustauko litxakizu?
Mundu honen barruan armonia eta adiskidetasuna eraikitzen jarraitzea gustauko litxakit; alkarri laguntzeko eta alkar bultzatzeko sare bat sortzea, alegia. Azkenean, musikalki hazteko be, komunidade legez hazi behar da, eta alkarrekin egin.

Abesti bat
Eiza feat. Kolditto Brunette

Artista edo ekoizle bat
Latmun

Film bat
Un ciudadano ejemplar

Deskonektetako leku bat
Nire etxea

Zoriontsu egiten zaituen zerbait
Nire bikotea

Musika elektronikoaren genero bat
Groove

Saio bat zabaltzea edo zarratzea
Ixtea

Pintxau aurreko mania bat
Atzamarrak luzatzea

Boloen munduan hasten denarentzako aholku bat
Ezetza badaukazu jada.

Musikari lotutako desio bat
The North Mixek aurrera egin dagiala eta 2026rako data asko izan dagiazala