Urdaibaik Aste Santurako eskaintza bateratua aurkeztu dau, turismo arduratsuaren bidetik

Urdaibaik Aste Santuko oporretara begira prestau daben eskaintza bateratua aurkeztu dau, turismo jasangarriaren printzipioetan oinarrituta eta eskualdeko herri desbardinetako ekimenak uztartuz. Europako Turismo Jasangarrirako Gutunaren barruan lanean dabilen lurralde honek aspaldi hautatu eban garapen turistiko arduratsua; bertan, bisitarien eta bertokoen arteko hartu-emonak orekan mantentzea da helburu nagusia, ekonomia, kultura, identidatea, ingurumena eta bizi-kalitatea lako arloetan.

Ildo horretatik, administrazinoak eta sektore pribatuak alkarlanean lanean ari dira, turismoak eskualdean daukan eragina ahalik eta positiboena izan daiten. “Danok gara turistak” ideia oinarritzat hartuta, nabarmendu gura da jomuga bakotxean bertoko bizimodua eta antolaketa egokia errespetatzea guztion ardurea dala. Erronka nagusia argia da: bisitek nola lagundu leikien bertokoen bizi-kalitatea hobetzen.

Aste Santurako proposamenak eskualdeko Turismo Bulegoek eta enpresa txikiek prestau dabez, ilusinoz eta aisialdi garaiko behar barrietara egokituta. Helburua bisitariei Urdaibai modu eroso eta aberasgarrian ezagutzeko aukerea eskaintzea da.

Bermeon, itsasoa eta ondarea ardatz

Bermeok, aurreko urteetan legez, Gaztelugatxeko San Juanera igotzeko autobus eta gidari turistiko zerbitzua eskainiko dau. Zerbitzu honen bidez, Gaztelugatxeko Monumentu Naturalaren inguruko trafikoa arintzeaz gain, bisitariei lekuaren eta herriaren arteko loturea sakontzea eskaini gura jake, identidate, historia, kultura eta ingurumen ikuspegietatik; erreserbak www.bizibermeo.eus atarian egin leitekez.

Gainera, Bizkaibus autobus zerbitzu publikoa orduro egongo da erabilgarri; zerbitzua Bakioko Bentalde geralekuan hasiko da eta Bermeoko Lameraraino helduko da, Gaztelugatxen geldialdia eginda.

Bestalde, itsas irteerak antolatu dira familian gozetzeko, baita piraguan ibilteko aukerak be. Egunero egingo dira bisita gidatuak herriko gidariekin, Bermeoko ondarea eta historia bertokoen begiradatik ezagutzeko. Halaber, herriko merkataritza turistikoan bertoko produktuak erosteko aukerea egongo da.

Bermeoko informazino guztia: bizibermeo.eus

Gernika-Lumo, memoria eta tradizinoa buztartuz

Gernika-Lumok be eskaintza zabala prestau dau, besteak beste, Gernikako Arbola eta Euskal Herria Museoa bezalako ikur nagusiekin. Horrez gain, Gernikako bonbardaketagaz lotutako hainbat jarduera eskainiko dira, tartean, Memoriaren Ibilbidea (11 panelez osatua) eta aireko babeslekuak bisitatzeko aukerea.

Esperientzia aberasteko, bisitariek audiogida zerbitzua izango dabe eskura, eta familian datozenentzat, umeentzako egokitutako Marko Topo jolas gidatua. Astelehenetako azokea erreferentziazko hitzordua izanik, Pazko astelehenean be ez dau hutsik egingo: bertoko eta sasoiko produktuak izango dira protagonista.

Gernika-Lumoko informazino guztia: www.gernikainfo.eus

Urdaibai, naturaz eta ibilbidez gozetzeko aukera parebakoa

Eskualde osoan zehar, oinezkoentzako hamar ibilbide labur dagoz aukeran, Turismo Urdaibaiko Wikiloc plataforman eskuragarri dagozan track-ekin. Horrez gain, GR38 Ardaoa eta Arrainaren ibilbidea be aukera interesgarria da lurraldea sakonago ezagutzeko.

Zikloturismoa gogoko dabenentzat, ibilbide ugari dagoz profil guztietarako: errepideko bizikletarako ibilbideak, BTT aukerak eta familian egiteko ibilbide errazak. Informazino guztia eta track-ak www.urdaibaibikereserve.com webgunean kontsulta leitekez.

Era berean, Urdaibaiko baliabide turistiko nagusiak bisitatzeko aukerea izango da: Gautegiz Arteagako Urdaibai Bird Center, Busturiako BBK Klima eta Ekoetxea Urdaibai, Kortezubiko Omako Basoa eta Santimamiñeko Koba, Arratzuko Arrolagune, Nabarnizko Arrolako Oppiduma eta Foruko erromatar herrixkea. Eskaintza osoari buruzko argibide gehiago www.turismourdaibai.com webgunean aurkitu zeinkie.

Mundakak, barriz, natura eta itsas jarduerak izango ditu ardatz. Katillotxutik abiatzen dan oinezko mendi ibilbidea aukera parebakoa da, eta uragaz lotutako jardueren eskaintza zabala be badauka, surfagaz eta itsas bidai zein txangoekin lotuta. Informazino gehiago: www.mundakaturismo.com

Urdaibaik, beraz, Aste Santurako konbitea egiten dau, bisita arduratsu eta aberasgarria egiteko aukerea eskainiz, natura, kultura eta bertoko bizimodua errespetatuta.