Naia Arrazua gernikar gaztea (18) gimnasia erritmikoan dabil txikitatik, eskualdean hain ezaguna den Bermeoko Xixili taldean. Urte gitxitan emaitza nabarmenak lortu dauz; besteak beste, 2023an Espainiako txapeldaun izan zen xingolan. Harrezkero, Euskadiko zein Estatu mailako txapelketetan lehiatzen jarraitzen dau, diziplina eta ilusioa uztartuz, erritmikaren munduan bere bidea egiten.
Zer da gehien disfrutatzen dozuna tapizera ateratzen zarenean?
Niri betidanik gehien gustatu izan jatena ariketetan erabiltzen daukadan musika adieraztea eta interpretatzea da. Azkenean, dantzan ari nazenean publikoari zerbait transmititzea gustatzen jat.
2023an Espainiako txapelketa irabazi zenduen. Nola gogoratzen dozu txapelketa hori eta irabazi zenduela jakin zenduen unea?
Egun hartan oso urduri nengoen. Lehiatu aurretik egiten den entrenamenduan gauzak ez jatezan ondo ateratzen ari, eta neure buruari presio nahiko jarri neutsen. Hala ere, denboraldi osoan zehar emaitza oso onak lortu nebazenez, lehiatzeko unea heldu zenean pentsamendu txarrak alde batera iztea eta egindako denboraldi on horretan pentsatzea erabaki neban. Azkenean, ariketa amaitu nebanean ezin dot ondo azaldau zer sentitu neban, baina banekien behin eta berriz entsaiatutako ariketa inoz baino hobeto egin nebala.
Zer beste lorpen edo emaitza nabarmenduko zeunke orain arteko ibilbidean?
Espainiako txapelketa irabazi ondoren maila absolutura igo nintzen, eta niretzat hori bera jada lorpen handia izan zen.
Kirol honek diziplina asko eskatzen dau. Nolakoa izaten da zure asteroko entrenamendau errutina?
Nire kasuan, astelehen, eguazten eta barikuetan, nire entrenamendua baino lehen umeak entrenatzen dodaz 17:00etatik 18:30era, eta ondoren nik neuk entrenatzen dot 18:30etik 21:00etara. Lehenik eta behin beroketa eta lanketa korporala egiten doguz; batzuetan malgutasuna lantzen dogu, beste batzuetan jauziak edo indarra. Ondoren, 19:30 inguruan, aparatuarekin hasten gara lanean. Nik hiru ariketa daukadaz, beraz, normalean egunean bi lantzen saiatzen gara. Bestalde, martitzen eta eguenetan Gernikan entrenatzen dot 17:00etatik 20:30era, eta horri esker denbora gehiago izaten dot ariketak prestatzeko. Horrez gain, zapatuetan ere entrenatzen dogu, lehiaketarik ez badago.
Xixili klubak tradizio handia dauka gimnasia erritmikoan. Zer esan nahi dau zuretzat zure kluba lehiaketetan ordezkatzeak?
Niretzat ohore handia da Xixili bezalako klub bat ordezkatzea. Azkenean urte asko daroiedaz hemen entrenatzen, eta klubak asko eman doste bai kirol mailan bai pertsonalki. Horregatik, tapizera ateratzen nazen bakoitzean ahalik eta ondoen egiten saiatzen naz.
Banakako lehiaketaz gain, taldekako modalitatean ere aritu zara? Zein mailatan lehiatu zara, eta zer alde nabaritzen dozu banaka edo taldean aritzearen artean?
Donosti taldeko lehen mailako taldean aritzeko zortea izan neban. Gimnasia erritmikoan hasi nintzenean, txikitan urte askoz aritu nintzen taldeko modalitatean ere. Hala ere, esan beharra daukat banakakoa gehiago gustatzen zaidala, izan ere, taldean, norbaiten akatsa denona izaten da eta entrenamenduetan bostok batera egon behar gara bai ala bai. Banakakoan, aldiz, zure lan pertsonala egiten dozu eta zure helburu propioak daukazuz; niri hori gehiago motibatzen nauen zerbait da.
Nortzuk izan dira zure kirol-ibilbideko pertsona garrantzitsuenak?
Lehenik eta behin, nire gurasoak izan dira pertsona garrantzitsuenak, beraiei esker nagoelako gaur hemen. Haien laguntzarik barik ez neban lortuko izan dodazen amets asko. Aipamen berezia egin nahi dautset nire aitari, Donostira ia egunero eroan eta ekarri nauelako nire ametsetako bat betetzen ikusteko. Gurasoez gain, nire entrenatzaileak ere oso garrantzitsuak izan dira: Jenni, nire lehen entrenatzailea, bide hau zabaldu eustena, eta Paula, urte askotan nire entrenatzailea izan dena eta momentu garrantzitsuetan nire ondoan egon dena. Azkenik, nire taldekideak ere oso garrantzitsuak izan dira.
Zer aholku emongo zeunke orain Xixili moduko taldeetan hasten diran neska-mutilei?
Gauzak ilusioz hartzea esango neutsien. Ikasteko eta hobetzeko gogoa badaukazu, aukera gehiago izango dozu nahi dozun lekura heltzeko.
Etorkizunari begira, zer helburu daukazuz datozen hilabete edo urteetarako?
Nire helburu nagusia entrenamendauetan egiten dodan lana lehiaketetan erakustea da, nire buruarekin harro sentitzeko eta ondo egiteko gai naizela erakusteko. Hilabete batzuetan Bizkaiko eta Euskadiko txapelketak daukaguz eta horretan paper ona egitea gustatuko jaten.
Abesti bat
Cant help falling in love -Elvis presley
Miresten dozun gimnasta bat
Sofia Raffaeli
Gimnasia erritmikoko aparatu bat
Xingola
Deskonektetako leku bat
Entrenatzen dodan pabeioia
Film bat
Crepusculo
Janari bat
Mango desnutritua edo amumaren espagetiak
Jan ala lo egin
Jan
Mendia ala hondartza
Hondartza
Tapizera urten aurreko mania bat
Eskuak astindau gora eta behera
Amets bat
Gimnasia erritimikoa urte askotaz disfrutatzea





