ROBINEN NEBA-ARREBAK

Aitor Oñate
Elkar/2026

Trama, inguru politikoa eta pertsonaiak. Aitor Oñateren ‘Robinen neba-arrebak’ (Elkar) eleberriak nobela beltzaren osagai guztiak ditu. Idazle bizkaitarrak martxo hasieran aurkeztu eban bere azken lana. «Thriller bat da, planteamendu klasikoa du baina kolorea ematen saiatu naiz pertsonaiekin», esan du bilbotarrak.

Protagonista nagusia Nagore Saminaga da, «Dr. Martens botekin pauso irmoak ematen dituen skinhead mozkote eta zakarra. Polizia izana, ahaztu nahi lukeen istilu itsusi batek handik bota zuen arte». Xabier Mendiguren editorearen esanetan, liburuak «lehengo nobela polizialetik datorren trama interesante eta bukaera ondo askatua ditu, Conan Doyleren erara». Ordea, idazle britainiarraren liburuetan aurkitu ezin daitezken inguru politikoak, sozialak eta ekonomikoak bere lekua dute Oñateren eleberrian.

Aitor Oñatek bere lana hiru planotan banatzen ditu. Alde batetik, kasua bera. «Udaltzaina izandako neska batek orain istripu kimikoak aztertzen ditu, eta begi aurrean daukana ez dela istripu bat argi ikusten du». Bigarrenez, «ideologia sartzen da, talde anarkista ekologista baten eskutik». Eta hirugarrenez, «Nagore protagonista, bere barne bidaiarekin eta barne gatazkarekin. Kontraesanez beteta dago».