ZALDI BAT

Maddi Ane Txoperena
Txalaparta/2026

“Ene baitan bizi da” (2020) eta “Ez erran inori” (2022) kaleratu ostean, hirugarrenez heldu da euskal literaturaren plazara Maddi Ane Txoperena Iribarren (Hendaia, Lapurdi, 1994).  Aurrekoetan ez bezala, Txalaparta argitaletxearekin egin du bidea oraingoan, eta ezohiko nobela bat ondu: “Zaldi bat” txatalka dago eginda, fragmentarioa deitzen den literatur moldeari jarraituz, eta puzzle baten gisan funtzionatzen du; hau da, piezaz pieza ageri den informazioa josiz harrapatuko du irakurleak nobelaren osotasuna. Iraganeko harremanez, amatasunaz, bikote harremanez, heriotzak eragindako oinazeaz eta idazlearen beraren testuinguruaz —Lesakan bizi da (Nafarroa)— mintzo da, besteak beste.

Unai da protagonistetako bat; zehazki, Unai Zaldua Iparragirre. 2019ko urte zaharreko gauean hil zen, bihotzekoak jota. Bigarren protagonista nagusia Miren da, ama izan berria; sendagilearen aginduz, mendira joaten hasiko da astero, eta, aldiko-aldiko, zaldi bat ikusiko du, zaldi bat eta bera beti. Animaliarekin sortuko den harremanak Unai ekarriko dio gogora Mireni, bost urte lehenago hildako laguna. Halaxe berrituko ditu nola haren heriotza, hala horren ondorioz sortutako mina eta dolua ere. Zaldiaren eta Mirenen arteko gorabeherek osatzen dute eleberri honen hari nagusia.