Mendatak aurrerapauso handia emon dau etxebizitza publikoak eregiteko, lehenengo 10ak esleituz

Mendatako Udala tinko dabil herrian bizitzeko aukerak sortzen eta etxebizitza eskuragarriago egiten. Konpromiso horren erakusgarri, Elexalde inguruan eregiko diran babes publikoko lehenengo 10 etxebizitzak esleitu dabez dagoeneko. Ekimen hau proiektu zabalago baten parte da —guztira 23 etxebizitza izango dira—, eta herrian egoan premia bati erantzuna emotea dauka helburu: mendatarrek, eta batez be gazteek, euren bizi-proiektua herrian bertan garatzeko aukerea izatea eta erroak sendotzea.

Lehenengo fase honetan, 10 etxebizitza, euren trasteleku eta aparkalekuakaz, eregiko dira. Bost unitateko bi bloketan banatuko dira, kanpotik sarrera independenteakaz eta lorategi pribatu akaz. Diseinuari jagokonez, lurraren malda naturalera egokituko dira eraikinak, eta erosotasuna, efizientzia energetikoa eta irisgarritasun unibersala bermatuko dabez, indarrean dagoan araudia beteaz. Esleipendun gehienak eskualdeagaz lotura daukien gazteak dira, eta horrek bete-betean laguntzen dau proiektuaren helburu estrategikoagaz: herria gaztetzea eta biztanleriari eustea.

Proiektu honek ibilbide luzea dauka, Udala duela bost urte hasi zelako lurrak erosten. Harrezkero, urratsez urrats joan dira lanean, saneamendu obrakaz hasi eta azken bi urteotan lehen fase hau aktibatzeko bultzada handia emon arte. Udalak bere gain hartu dau proiektua idaztea, kooperatiba kudeatzaile bat sortzea sustatu dau eta higiezinen enpresa bategaz hartu-emonean ibili da operazinoa bideragarri egiteko. Kooperatiba sortuta dago eta orain lursailak banatzeko fasean dagoz. Aurreikuspenen arabera, sustapena udagoienetik aurrera hasiko da, eta obrak martxan jarri ostean, urtebete eta erdi edo bi urteko epea beharko dabe etxebizitzak emoteko. Gainera, inguruko urbanizazinoa be Udalak egingo dau, zerbitzu guztiak ziurtatzeko.

Joseba Mallea Mendatako alkateak pozik hartu dau barria: “Pozgarria da ikustea bide luzeko proiektu hau egia bihurtzen hasten dela. Herrian eta eskualdean geratzeko aukerak sortzea dakar, bizimodua hemen egin ahal izateko. Ilusinoz jarraituko dugu lanean norabide horretan”.

Honenbestez, Mendatak herri bizi eta orekatu baten aldeko apustua berretsi dau, etxebizitza babestua belaunaldi arteko erreleboa eta komunitatearen bizitasuna bermatzeko giltzatzat hartuta.