Bermeoko ikastetxe guztiek bat egingo da “Tik-Tak-Tok” asteagaz maiatzean, pantailen erabilera egoki eta arduratsuaren inguruko prebentzino-lana indartzeko asmoagaz. Ekimena herriko hiru ikastetxeetan garatuko da, eta LH 5. eta LH 6. mailetako ikasleakaz egingo diran tailer praktikoen bidez, teknologiarekiko daukaten harremana landuko dabe. Proiektuaren ardatza pantailen erabileraren inguruko hausnarketa sustatzea da, ikuspegi kritiko eta kontziente batetik abiatuta.
Saioak metodologia parte-hartzaileetan oinarrituko dira, dinamika interaktiboak eta ikaskuntza dialogikoa uztartuz. Tailerretan sare sozialen eta bideo-jokoen erabilera aztertuko da, eta, era berean, ziberjazarpenaren (ciberbullying) prebentzinoan jarriko dabe arreta.
Egutegiari jagokonez, maiatzaren 4tik 8ra Sagrado Corazón ikastetxean egongo dira; 11tik 15era Eleizalde Ikastolan; eta, amaitzeko, 18tik 22ra Bermeoko Herri Eskolan.
Ekimen honek jarraipena emoten deutso iazko ikasturtean Bermeoko Herri Eskolan egindako esperientzia pilotuari, orduan Familia Elkartearen eta Bermeoko Udalaren elkarlanari esker abiatu zana. Orduko emaitza positiboek bultzatuta, ikasturte honetan programa zabaldu eta sendotu egin da herri osora. Proiektuaren izenak berak, Tik-Tak-Tok, funtsa laburbiltzen dau: gazteen artean oso hedatuta dagoan TikTok plataformari egiten deutso erreferentzia, baina baita denboraren kudeaketari (“tik-tak” soinua) eta teknologia barriei (IKT/TIC) be. Hiru elementu horien arteko loturak pantailen erabileraren inguruko kontzientziazinoa indartu gura dau.
Programa Adikzioen Prebentziorako teknikariak eta kale hezitzaileak gidatzen dabe, eta Bermeoko Adikzioen Prebentziorako Tokiko Planaren barruan kokatzen da. Helburu nagusia prebentzinoa eta hezkuntza uztartzea da, eguneroko ohituretan eragin positiboa izan deien tresnak eskainiz. Informazino gehiago gura dauenak Bermeoko Adikzioen Prebentziorako Zerbitzuagaz jarri ahal da harremanetan (Gizarte eta Kultura Etxean, 1. solairuan), martitzen, eguazten eta eguenetan 09:00etatik 14:00etara, edota 675 02 50 18 telefonora deituta edo bermeoprebentzioa@etorkintza.org helbidera idatzita.





