Nerea Mendizabal

Psikologoa

MUGAK JARTZEAREN IKASGAIA

Nire ibilbide pertsonalean zein famili/irakasleen bidelagun izaten ari naizen urte guzti hauetan, mugak jartzearen ikasgaia da sarritan gainditzen ez duguna. Heziketa kontuetan izan ezik, gure bizitzako alor eta erlazio desberdinetan kontu hau agerian jartzen zaigu. Seme-alaba, bikote, famili, lagun edo lan munduko pertsonekin, batzuk zorroztasunean autoritarismotik nabarmenduko dira, “horrela delako”, “nik esaten dudalako eta punto”.  Besteak aldiz, permisibitatean, “honaino” esateko indar edo ausardiarik gabe agertuko gara. Alde baterako edo besterako joera bat badugu ere, denok aritzen gara bi estilotan, gehiago edo gutxiago. Zenbat kostatzen zaigun mugak irmo eta goxo jartzearen artea!

Oro har, 2 modutara jardun ohi dugu: gure gurasoek egin dutena errepikatuz, gogoetarik gabe, “ez gara hain gaizki atera” lelopean. Edo, kontrako leku batean kokatuz, jasotakoaren zuzeneko erreakzio gisa, “ni ez noa nire gurasuek egin zidatena egitera”.

Ohikoa zaigu gai honen inguruko nahasmena izatea. Batzuetan ez dugu argi zerri, noiz eta nola esan nahi diogun “ez” eta argi dugunean beroni eustea kostatzen zaigu. Inkoherentzietan ere erori gaitezke, ingurukoak ngurekin haserratzerik nahi ez dugunez komeni zaiguna baino gehiago jasan eta eztanda eginaz, edo atzo “ez” esan bagenion gaur “bai” esanaz…

Jakinekoa zaigu atseden hartzea garrantzitsua dela eta gure seme-alabentzat onena nahi dugunez, ahalegin handia egiten dugu ordu jakin batean oheratu daitezen. Aldi berean, posible da gu geu nekatuta egonagatik gure deskatsua ez errespetatzea. Kasu horietan muga hori gugan desagertu egiten da, eta ez diogu amaiera jartzen, egiten ari garenari ez diogu “honaino” esaten, nekatuta egonagatik. Eguna pasatzen dugu gauzak egiten, eta segundu batez gelditzen garenean errudun sentitu gaitezke, egin “beharko” genituzkeen horiek ez egiteagatik.

Gure seme alabek ez dute jasoko hitzez beraiei esaten dieguna, gure jarrera eta jokaeretatik iristen zaiena baizik. Hau da, kasu honetan zer da iritsiko zaiena? Atseden hartzea ez dela beharrezkoa, baloratzen dena momentuoro ekintzan aritzea dela. Baina, kontatzen dugunak zentzu eta sinesgarritasuna izango du muga hori gugandik jaiotzen denean, guretzako eta ingurukoentzat baliagarri denean.

Honekin ez dut koherentea, etengabea eta kontsekuentea izatearen leloa butzatu nahi. Edozein etiketetatik haratago joan nahi dut. Gure inkoherentzi hauetaz jabetzeak errunduntasun eta autoexijentzirako bidea indartu ordez, autoezagutzarako eta eboluziorako ate berria izan daiteke.

Mugak jartzea, zerbaiti edo norbaiti “ez” esatea guretzat garrantzitsuak diren alderdi, aspektu, balore edo premiei “bai” esateko aukera da. Gure bizi experientzian entzunak izan ez garela, gure ahotsa ez dela esanguratsua izan, gureak edo guk ez dugula axola eta besteena lehenetsi behar dugula interpretatu eta sinetsi badugu… nola helduko diogu gureari? Guk geuk guereari garrantzia emanaz. Nondik hasi nahi? Nola eman nahi zara garrantzia eta zaintza zeuri? Ekintzara pasatzeko unea da.