Yurre Ugarte
Elkar/2026
Idazlea, gidoilaria eta film zuzendaria da Yurre Ugarte, narrazioez gain, nobela grafikoak, komikiak zein album ilustratuak idatzi dituena. Irudiak presente dituen idazlea dela esatea dagokigu, akaso, kontakizunak eraikitzerakoan eszenaz eszena bisualizatzen dituela, bestela.
Hala gertatzen da behintzat bere azken eleberrian. Hain zuzen ere, idazlearen antzerako soslaia dauka istorioaren protagonistak, Alex Garmendia gidoigileak. Hura ere izen bereko kontakizuna idazten ari da, bere bizitzan oinarrituta. Izan ere, streaming plataformetarako gidoiak idaztetik bizi den arren, gurasoen heriotzak bere bizitzari beste ikuspuntu batetik begiratzera bultzatu du: familiako baserrira bueltatu, bikotekidearen etxetik alde egin, lana bazter utzi.
Idazkera argi, bizi eta aberatsa du Ugartek. Azkar batean igarotzen dira lehenengo kapituluak: eraildako prostituta bat, true crime telesailak idazten dituen gidoilari parea, saldu ezin den familiako etxea, bikote harreman baten amaiera… Abiadura eta gorputza, biak batera hartzen ditu eleberriak orri gutxitan. Gorputz hori gero eta gehiago korapilatzen da, ordea, kapituluro ia bide berriak irekitzen baitira. Azpitrama ugariak biderkatzen dira istorio nagusia zein den lausotzeraino.