10×10: Rosa Mari Sánchez, pintorea
- Nola sortu jatzun pinturarekiko interesa?
Txiki-txikitatik, pintura usainak liluratzen ninduen, eta aitak etxeko paretetan egiten ebazan marrazkiak miresten nebazan. Beti brotxa artean, neu be pintzelei heldu nahirik. Hori guztia lagungarri izan jatan ikasten hasteko eta jarraitzeko. Nire lehen erakusketa 18 urteregaz izan zan.
- Zein da zure estiloa eta zein teknika erabiltzen dozu?
Pertsona askok uste dau estilo desberdinak erabiltzen dodazala, pintore desberdinengandik eratorria direla argudiatuz, baina nik inpresionista gisa definitzen dot nire estiloa. Erabiltzen dodazan teknikak olio-pintura, akrilikoak, paleta eta lumatxak dira.
- Zerk inspiratzen zaitu gehiago, paisaiek, pertsonek…?
Danak inspiratzen nau… baina, akaso, lehenengo planoek gehien.
- Profesionalki bizi daiteke artetik? Baloretan dala uste dozu?
“Baten batek”, arte salerosle edo galeristaren batek zure aldeko apustua egiten badau, seguruenik bai.
- Gernikarra zara, zein pintura motagaz identifikatuko zenduke eskualdea?
Beharbada, aurreko belaunaldiek gai klasikoen alde egin eben gehiago, euskal kulturagaz loturiko gaiakaz, eta horrek bide emon eban hemengo margolari ospetsuen lanak erosteko. Gaur egun, gaurkotasuneko motiboetara edo oroitzapenak inspiratzen dabezen, gai zehatzetara joten da. Orokorrean kolorez beteta eta aldarrikapen-pinturagaz identifiketan dot eskualdea.
- Sarkomaren ikerketaren aldeko hainbat erakusketa solidariotan parte hartu dozu. Zelan funtzionau izan dabe? Zein da zure inplikazinoa gaixotasun horregaz?
Erakusketa solidarioak egin izan ditut, batez be Ispasterren, Mendatan, Ean, Durangon, Muxikan eta Gernika-Lumon. Eta hemendik eskertu gura dot barriro be LEIOMIOSARCOMAREN (minbizi arraro mota baten) ikerketan laguntzeko laguntza eta inplikazinoa. Nire motibazinoa da GEIS (Grupo Español de Investigación en Sarcomas) ikerketa-taldea nire alaba Enararen bekarekin hastea.
- Zure ibilbidean zehar, herri askotan izan dozuz erakusketak. Oro har, zeozer dakigu pinturari buruz?
18 urte neukazanetik, hutsune batzuk izan arren, ez dodaz itxi erakusketak, eta, oro har, denetarik dago. Baina obra bat eskuratzeko orduan danok ez gara oinarritzen balio artistikoan, inspiratu, gogoratu edo sentiarazten daben horretan baizik.
- Zenbat margolan daukazuz momentu honetan?
Kontaezinak dira 300 baino gehiago… olio-pinturen, akrilikoen, lumatxen eta abarren artean.
- Koadroren batean zabilz lanean?
Gaur egun Bakioko Azokarako erakusketa bat prestatzen nabil “Bertokoak” gaiakaz
- Non ikusi ahal izango dogu Rosa Mari Sánchezen hurrengo erakusketa?
Une honetan Laidan, Biskaine tabernan eta Mendatan, Artape jatetxean daukadaz erakusketak. Eta apiriletik ekainera Expo Distrito taldeagaz egongo naz Bilboko hainbat aretotan.
1.- Miresten dozun pintore bat. Sorolla
2.- Inspirauko zaituen koadro bat. Ezin dot bakarrik bat aukeratu
3.- Margotu nahiko zendukeen paisaia. Ilunabar bat
4.- Nori egingo zeunskio erretratu bat? Eskatzen deustanari
5.- Zer ezin da falta bodegoi baten? Ogia, fruta, edaria
6.- Zein koloregaz identifikauko zenduke Busturialdea? Berdea
7.- Bizitzeko leku bat. Bakea ematen deustana
8.- Mendia ala hondartza? Bardin dio
9.- Janari bat. Salmorejoa
10.- Zein koadro erosiko zenduke? Dirua izan ezkero, Daliren koadroren bat





