Bermeok “Bizitzaren alde” batuko dauz indarrak 450 kilometroko elkartasun erronkan

Badira helmugara iristeko egiten diren bideak, baina badira, ordea, bidean bertan zentzua eraikitzen dabenak, eta horixe izango da maiatzaren 9an eta 10ean errepidean marraztuko dena: “Bizitzaren alde” elkartasun erronka.

Ekimen hau ez da izango distantzia bat gainditzea soilik, ahaleginaren bidez beste askoren bizitzetara iritsi nahi duen keinu kolektibo bat baizik. Bermeoko Ziklistek taldeak, Castejongo “El Patorrillo” Txirrindulari Peñagaz batera, 450 kilometroko joan-etorria osatuko dau bi egunetan, kostaldetik barnealdera eta handik barriz itsasertzera (Bermeo-Castejon-Bermeo). Ibilbideak berezko esanahia dauka: joanaren eta itzuleraren artean, minbiziaren aurrean bizi den prozesuaren isla ageri da, diagnostikoaren etenaldia eta borrokaren bidez egindako itzulera erakutsiz. Pedalak eraginez, txirrindulariek isilean eta etengabe borrokan ari direnen kemena eroango dabe bidelagun, euren esfortzua bidean bertan hitz bihurtuz. Ibilbide honek dimentsio fisikoa ez ezik, sinbolikoa be badauka, gorputzaren eta gogoaren arteko elkarrizketa sustatuz ahalegina zentzu bihurtzeko eta gizarteari itzultzeko.

Ekimenak Minbiziaren Aurkako Espainiako Elkartearen babesa dauka, eta bildutako ekarpen guztiak gaixotasunaren aurkako borrokara bideratuko dira, herritarrei parte hartzeko bide desberdinak eskainiz.

Erronkak bere une gorena maiatzaren 10ean izango dau Bermeon antolatutako harrera bereziagaz; 13:00etatik aurrera, Dantzaz Blaik, Kanta kanta loruek, Bermeoko Abesbatzak eta umeentzako Kirik girotuko dabe Lamera, eta 15:00etatik aurrera, Apokhalipsis, Addar eta Tximino taldeen kontzertuen txanda izango da. Txirrindulariak 16:00ak eta 16:30ak bitartean helduko dira Lamerara herritarren txaloak jasotzeko, ahalegin hori komunitate osoagaz partekatuz.

Urteetean zehar antolatzaileek horrelako hainbat ekimen egin dabez, elkartasuna praktikan gauzatzen den jarrera etikoa dela erakutsiz. Testuinguru honetan, Xabier Ortuzar Butron kirol zinegotziak erronkaren gaitasun kolektiboa nabarmendu dau, txirrindulariek herri oso baten duintasuna eroaten dabezala adieraziz. Nadia Nemeh Shomaly Bermeoko alkateak, bere aldetik, herriaren sendotasuna eta elkartasuna goraipatu dauz, domekan Lameran denok “Bizitzaren alde” batuta egongo garela berretsiz.