Nazioarteko Emakumeen Munduak Kongresua Gernika-Lumora eta Bilbora helduko da

XV. edizino honen egitaraua eskuragarri dago dagoeneko eta izena emoteko epea maiatzaren 11n amaituko da.

Maiatza heldu da eta, horregaz batera, XV. Emakumeen Munduak Nazioarteko Kongresua ate-joka daukagu; maiatzaren 20tik 24ra bitartean, Gernika-Lumo eta Bilbo feminismoen eta bakeen topagune bihurtuko dira mundua, kontakizuna eta sareak eratzen jarraitzeko. Antolatzaileek poztasun handiz argitaratu dabe bost egunetako egitarau oparoa, non hitzaldiak, elkarrizketak, tailerrak eta jarduera kulturalak izango diren nagusi; parte-hartzaileek euren agenda propioa sortu ahal izango dabe webgunean eskuragarri dagoen informazinoagaz, proposamen inspiratzaile eta mobilizatzaileen artean “zeure bakeen ibilbidea” aukeratuz.

Izena emoteko epea maiatzaren 11n, astelehena, amaituko da eta prozesua webgunearen bidez egin behar da; parte-hartzeak 5 euroko kostu sinbolikoa dauka eta bildutako diru guztia kausa sozial bati emango zaio dohaintzan. Esperientzia murgiltzaile hau bi urteko prozesu kolektibo baten emaitza da, Gernika Gogoratuz eta Gernikatik Mundura erakundeek sustatua, eta bertan Euskal Herriko, Espainiako, Kolonbiako zein Mozambikeko emakumeen erakunde feministek eta bakegileek hartu dabe parte.

Emakumeen Munduak nazioarteko eta diziplina arteko topaketa bat da, akademiako zein aktibismo sozialeko emakumeak biltzen dauzena, eta 1981ean hasi zenetik hamalau edizio egin dauz kontinente desberdinetan zehar. Bakeak elkarregaz barriro irudikatzeko aukera paregabea izango da, eta azken albiste guztien barri kongresuaren sare sozialen bidez emango dabe apurka-apurka.