Udalak bultzatutako lehenengo edizino honek bost ikuskizun eskainiko dauz ekaina eta abendua bitartean, komediaren aldeko apustu barri baten barruan
Umorea Gernika-Lumoko kultur programazinoaren ardatz bihurtuko da aurten, Udalak lehenengo aldiz antolatu dauen Gernika-Lumoko Bakarrizketa Jaialdiagaz. Ekimen barri honek bost umoregile batuko ditu Elai-Alai aretoan ekaina eta abendua bitartean, udalerria Euskadin indartzen ari den bakarrizketen zirkuituan sartuz.
Jaialdiak formatu eszeniko barriei lekua egin eta publiko gazte zein helduagaz konektatu gura dau programazino egonkor baten bidez. Zikloa ekainaren 6an hasiko da Menuda Movida umoregilearen “Perdido en los 80” ikuskizunagaz, eta irailaren 27an jarraituko dau Miki Dkairen “Padre de familia” saioagaz.
Udazkenean be ez da barreik faltako: urriaren 16an David Domínguez helduko da “El raro de los 90s” proposamenagaz, eta azaroaren 20an Agustín Jiménezek Generacional bakarrizketa eskainiko dau.
Jaialdiari amaiera emoteko, abenduaren 12an Mikel Bermejo arituko da “Eureka” ikuskizunagaz. Kartelak estilo desberdinak buztartzen ditu, nostalgiatik hasi eta eguneroko bizitzako kontuetaraino, orain arteko kontzertu eta antzerki eskaintza tradizionala osatuz.
Saio guztiak Elai-Alai aretoan izango dira eta sarrerak eskuragarri dagoz Vitamin Producciones-en plataforman (vitaminproducciones.com). Udalaren asmoa programazino lerro barri hau probatzea da, gaur egun antzoki eta auditorioetan indar handia dukan generoa Gernikara ekarriz.





