Zearretako pisten erabilera arautu barik dagoenez Allende Salazarreko gurasoek kontzentrazinora deitu dabe

Gernika-Lumoko Udalak ez dau konpondu 648.700 euroko inbertsinoa euki dauen gunearen erabilera, eta eskola-umeak instalazinoak erabili ezinik dabilz

Oraindik ez dau arautu Zearretako pisten erabilera eskola-orduetan, nahiz eta gune hau 2025eko urrian martxan jarri zen 648.700 euroko inbertsino publikoa egin ondoren. Ikasturte oso bat igaro bada be, arautze falta da nagusi, eta horrek ondorio zuzen eta larriak ekarri dauz: hasiera batean Allende Salazar eta Seber Altube eskoletako 1.500 ikaslek erabili ahalko ebela iragarri bazen be, Allende Salazar Eskola Publikoko ikasleek ikasturte osoa emon dabe gune horiek erabili ezinik. Egoera honek haserrea eta tentsioa eragin dau bi eskola-komunitateen artean, eta gurasoen ustez ez litzateke bidezkoa izango hurrengo ikasturtea baldintza berberetan hastea.

Gaiak daukan larritasuna ikusita, Udalak berak bitartekari bat kontratatu  eban 2025eko azaroa eta abendua bitartean, eta 2026ko martxoaren 25ean sinatutako bitartekaritza juridikoko txostena argia izan zen: arautzearen atzerapena bi komunitateentzat da kaltegarria eta egoerak zuzenean eragiten die hezkuntza-kalitateari eta ikasleen ongizateari. Txosten horrek erabilera-erabakia berehala hartu behar dela zehazten dauen arren, 2026ko maiatzean Udalak oraindik ez dau ezer arautu.

Azken asteetan, Allende Salazarreko komunitateak txosten eta proposamen eguneratuak bidali dizkie Udalari eta EAJ zein EH Bildu talde politikoei, baina taldeak eskola-komunitateagaz bildu diren arren, Udalaren aldetik ez da erantzunik heldu. Hori dela eta, Allende Salazar Eskola Publikoko IGEak deialdia egin dau datorren barikuan, maiatzak 8, arratsaldeko 17:00etan, Gernikako Udaletxe aurrean egingo den kontzentrazioan parte hartzeko.