Gautegiz Arteagak “hondartzetako autobusa” Muruetaganen hastea eskatu dau

Gautegiz Arteagako Udalak alegazio garrantzitsua aurkeztu deutso Bizkaiko Foru Aldundiari, Bizkaibuseko 3532-3 linearen (Ibarrangelu-Gernika) ibilbidea aldatzeko asmoz.

“Hondartzetako autobusa” moduan ezagutzen dan linea hau uda sasoian martxan egoten da, baina gaur egun Ibarrangelun hasten denez, Gautegiz Arteagako auzo batzuk zerbitzu barik geratzen dira hondartzarako bidean. Udalaren proposamena argia da: autobusak bere bidea Muruetagane auzoan hastea, Ibarrangelun hasi beharrean. Aldaketa horregaz, Muruetagane, Basetxetas eta Aldamizko bizilagunek garraio publikoa euki lekie Laida eta Lagako hondartzetara joateko.

Gainera, udal agintarien ustez, neurri horrek Ereori be onura ekarriko leuskio. Patrik Saitua alkateak azpimarratu dauenez, garraio publikoa hobetzea “ezinbesteko beharra” da eskualdeko eskuinaldeko herritarrentzat. “Laida eta Lagara autobusez joan ahal izatea gure edozein bizilagunen eskubidea izan beharko leuke”, adierazi dau Saituak, mobikortasun iraunkorra eta irisgarritasuna lortzeko bidean. Gogoratu behar da Laida eta Laga inguruetan aparkaleku mugatua dagoela eta jente asko batzen dela udan; horregaitik, autobusa aukera eroso eta ekologikoena bihurtzen da.

Orain, Aldundiak aztertu beharko dau Gautegiz Arteagak proposatutako konponbide hau, zerbitzua eraginkorragoa izan daiten