Ertzaintzako agenteek gizon bat atxilotu eben joan dan martitzenean Muxikan, egun horretan bertan Gernika-Lumon ibilgailu baten indarragaz lapurretea egitea egotzita. Bitxia bada be, ustezko lapurra aske geratu eta minutu gutxira harrapatu eben barriro delitua egiten.
Gertakariak martitzenean izan ziran, eguerdiko 13:00ak pasatxoan, Gernika-Lumon. Herritar batek abisua emon eban, gizon batek auto baten leiho bat apurtu, barrualdea nahasi eta hanka egin ostean. Bertaratutako patruilek kalteak egiaztatu ebazan, eta lekukoak aurreko egunean izandako antzeko lapurreta baten bideoa erakutsi eutsen. Agenteek berehala ezagutu eben egilea, egun horretan bertan aske geratu zan gizona zalako, eguerdiko 12:20an hain zuzen be; hau da, aske geratu eta ordubete baino lehenago barriro egoan lapurretan.
Bilaketa lanak hasieran emaitza barik geratu baziran be, Gernikako Ertzain-etxeko lau agentek, euren lan txandea amaitu eta etxera bidean zihoazela, susmagarria ikusi eben Muxikan. Jarraian, uniformatutako patruilak bertaratu ziran eta gizona atxilotu eben. Zeramatzan poltsetan hainbat gauza aurkitu ebezan: hiru tresna-kutxa, eguzkitako betaurrekoak, kosmetikoak eta beste objektu batzuk.
Ikerketari esker jakin ahal izan denez, ostutako objektu batzuk Busturian izandako beste lapurreta batekoak ziran. Betaurrekoak eta euritako bat jabearentzat berreskuratu dabez dagoeneko. Gainontzeko gauzak polizia-etxean dagoz, euren jatorria argitzeko zain.
Atxilotua, 43 urteko gizona eta antzeko delituengaitik aurrekariak daukazena, polizia-etxera eroan eben izapideak egiteko. Behin epailearen aurrera eroanda, espetxeratzeko agindua emon dabe.





