Ertzaintzako agenteek 30 urteko gizon bat atxilotu dabe Gernika-Lumon, bidegabeko jabetze eta iruzur delituak egotzita. Ustezko iruzurgilea herriko lokutorio baten ibiltzen zan lanean, eta bezeroek atzerrian bizi diran senideei bidaltzeko emoten eutsen diruaz jabetzen zan. Guztira, iruzur egindako zenbatekoa 82.000 euro ingurukoa izan daitekeela uste dau Poliziak.
Gertakariak azken bi hileotan pasau dira. Biktimak lokutorioko bulegora joaten ziran euren familiei dirua igortzeko asmoz. Langileak, dirua jaso ostean, transferentzia egin izanaren ordainagiri faltsu bat emoten eutsen bidalketa zuritzeko, baina prozesua bertan behera uzten eban diruagaz geratzeko. Hartzaileek dirurik jaso ez ebela ikusitakoan, kaltetuek Ertzaintzara jo eben salaketa jartzera.
Konfiantzaz baliatuta eta ihesian
Ikerketaren arabera, gizonak inguruko jendeagaz eukan konfiantza-harremana erabili eban iruzur egiteko. Alde batetik, lagun bati 15.000 euroko mailegua eskatu eutson epe baten itzultzeko promesagaz; ostean, antzeko moduan, beste batzuei 34.000 euro gehiago kendu eutsiezan. Bestetik, lokutorioko jabeak berak be salatu dau langilea, negozioaren birkarga, salmenta eta bidalketetatik lortutako 33.000 euro inguru ostu dabezelako.
Iruzurraren tamainaz jabetu eta harrapatuko ebelakoan, susmagarriak lana itxi, desagertu eta Euskaditik kanpora ihes egin eban bizilekua aldatuz. Hala ere, Gernikako ertzain-etxeko agenteek beragaz harremanetan jartzea lortu eben eta zapatu arratsaldean komisariara joateko eskatu eutsoen. Bertara agertu zenean, poliziek atxilotu egin eben.
Atxilotua, 30 urtekoa, epailearen esku utziko dabe datozen orduetan, beharrezko izapide eta ikerketa guztiak amaitu ostean.





