Mundakako kontsultategi barria gaur jarriko da martxan, handiagoa, irisgarriagoa eta jasangarriagoa

Gaur Osakidetzak Mundakako kontsultategi barria irekiko dau Goiko Kaleko 1. zenbakian, herriaren erdigunean bertan. Azpiegitura barri honi esker, herriko 1.650 biztanletik gorako biztanleriari emandako osasun-arreta asko hobetuko da, espazio zabalagoak, irisgarriagoak eta gaur egungo premietarako egokiagoak izango dauelako

Ekipamendu barriak lehengo kontsultategia ordezkatuko dau eta jauzi kualitatibo handia ekarriko dau udalerriko lehen mailako arretan. Zentroa herriko errealitate demografikoari eta biztanleria zahartuari —% 18 inguruk 75 urte baino gehiago daukiez— arreta egokia emoteko diseinatu da; hau da, oztopo arkitektoniko barik egin da, kronikotasunari eta hauskortasunari aurre egiteko programak indartzeko. Gainera, herrian dagozan adinekoen bi egoitzekin koordinazio hobea eta arreta jarraituagoa bermatuko dauz.

Espazio zabalak eta aerotermia teknologia

Lokal barriak familiako medikuntzako kontsulta bat, erizaintzako beste bat eta tratamenduetarako, proba funtzionaletarako zein odola ateratzeko eremu espezifikoak daukaz. Gune honeek guztiak gaur egungoak baino askoz zabalagoak dira, profesionalen lana errazteko. Horregaz batera, itxarongela seguru handi bat eta komun egokituak jarri dabez.

Modernizazioaren eta ingurumenarekiko errespetuaren irizpideakaz bat eginez, zentroak aerotermia-instalazioak daukaz. Sistema honek klimatizazio eraginkor eta jasangarria ahalbidetzen dau, Osakidetzak karbono-aztarna murrizteko dauen konpromisoa erakutsiz.

Mundakako kontsultategi barria abian jartzea Euskadiko Osasun Itunaren ekintza-ildoen barruan kokatzen da, Lehen Mailako Arreta indartzea baita lehentasun nagusietako bat, herritarrei arreta hurbilagoa eta kalitatezkoa eskaintzeko.

Zerbitzuari buruzko informazioa

Maiatzaren 18tik aurrera, zentroak ohiko ordutegia eukiko dau:

Mundakako kontsultategia: 08:00etatik 15:00etara.

Larrialdietako arreta (Bermeoko EAG): Ordutegi horretatik kanpo, erabiltzaileek Bermeoko Etengabeko Arreta Gunera jo beharko dabe, 17:00etatik 08:00etara.