Gernika-Lumoko Kultur Etxeak eta ABAOk (Operaren Bilboko Lagunen Alkartea) indarrak batu dabez herritarrei kultur eskaintza bikaina hurbiltzeko. Elkarlan honi esker, datorren ekainaren 1ean, Umberto Giordanoren “Andrea Chénier” opera ezagunaz gozatzeko bidaia antolatu dabe Bilboko Euskalduna Jauregira.
Ikuskizuna arratsaldeko 19:30etik 22:30era bitartean izango da. Joan-etorria errazteko, autobus zerbitzua egongo da bermatuta: irteera herriko autobus geltokitik izango da, arratsaldeko 18:00etan, eta Bilboko itzulera, barriz, 22:45ean egingo da Euskalduna Jauregitik zuzenean.
Sarrerak salgai Kultur Etxean
Esperientzia oso honetaz gozateko txartelak (autobusa eta operarako sarrerea barne) salgai dagoz Kultur Etxean eta agortu arte egongo dira eskuragarri. Prezio orokorra 60 eurokoa da, baina Laguna txartela daukienek deskontua eukiko dabe eta 55 euroan erosi ahal izango dabe.
Plazak mugatuak direnez, interesatuta dagozan guztiei sarrerea lehenbailehen erosteko deia egin deutsie antolatzaileek.





