Mundakak abian jarri dau 2026ko San Pedro Jaietako kartel lehiaketa

Mundakako Udalak herriko jai nagusiak iragartzeko kartel lehiaketa martxan jarri dau. Parte hartu gura daben diseinatzaile eta artista bakoitzak, gehienez, bi lan aurkeztu ahal izango dauz. Gaia eta kartela egiteko erabilitako teknikak erabat libreak izango dira, baina nahitaezkoa izango da obrak DIN A2 formatuan, euskarri zurrunean eta formatu digitalean aurkeztea, betiere “MUNDAKAKO SAN PEDRO JAIAK 2026” leloagaz.

Lanak aurkezteko epea zabalik dago dagoeneko eta datorren ekainaren 5era arte egongo da aukera ekarpenak egiteko. Kartelak Mundakako Udalaren bulegoetan (Lehendakari Agirre enparantzan) utzi behar dira, goizeko 9:00etatik 14:00etara bitartean, eta epe horretatik kanpo ez da lanik jasoko. Lanekin batera, egilearen sinadurarik barik baina lelo beraren pean, gutunazal itxi bat entregatu beharko da barruan egilearen identifikazio datuak, telefonoa eta NAN zenbakia jarrita, anonimotasuna bermatzeko.

Lehiaketako irabazleak 300 euroko saria jasoko dau, eta kartel irabazlearen jabetza zein ustiapen eskubide guztiak Udalaren esku geratuko dira hedatze eta jakinarazpen lanetarako. Hala ere, aurkeztutako kartelek gitxieneko kalitate teknikoa ez badaukie, saria emon barik gelditu ahal izango da, eta kasu horretan Udalak artista bati eskatuko deutso kartela egiteko.

Epaimahaia Udalak berak izendatuko dau eta haren erabakia apelaezina izango da. Behin irabazlea aukeratuta, saririk jaso ez daben jatorrizko lanak udal bulegoetan jaso ahal izango dituzte egileek. Oinarri osoak webgunean eta udal egoitzan aztertu ahal dira.