Bermeok ofizialki inauguratu dau gaur eguerdian XXXII. Arrain Azoka, herriko agenda sozial, ekonomiko eta kulturaleko hitzordu nagusienetako bat. Lamerako karpan egin dan ekitaldian herriko agintariak, Eusko Jaurlaritza zein Aldundiko ordezkariak eta herritarrak batu dira, itsasoari estuki lotutako asteburuari hasiera emoteko. Itsasoa zaindu, bizia dastatu lelopean, aurtengo edizinoak jasangarritasuna eta belaunaldien arteko transmisioa jarri dauz erdigunean.
Nadia Nemeh Shomaly alkateak herriak itsasoagaz daukan harreman sakona azpimarratu dau, azoka hau “Bermeoren isla” dala adieraziz. Arrantzaleen lana eta euskereak itsasoagaz daukien loturea goraipatu dauz, eta Aita Mari ontzia zein Summud flotillearen giza eskubideen aldeko lana be ekarri dauz gogora. Inaugurazioagaz batera, XXIX. Hegaluze Saria emon deutsie Bermeoko Nautika Eskolari, bere 50. urteurrenean, arrantza munduko prestakuntzan eta aukera-berdintasunaren alde egindako ekarpen esanguratsua aitortuz.
Azokak domekara arte jarraituko dau askotariko jarduerakaz. Aurten 20 erakustoki batu dira Lameran kontserbak eta tokiko produktuak dastatu zein erosteko, eta artisauentzako Pop-Up Kresaltsua gune barria be zabaldu dabe. Asteburuan zehar arrain salmenta itxurak, simulagailu bisitak, itsasontzi irteerak eta musika zein dantza taldeen kalejirak egongo dira herriko nortasuna indartzeko.
Azkenik, elkartasunak be bere lekua izango dau Lamerako Solidaritza Gunean. Bertan marmitakoa eta hegaluze errea dastatu ahal izango dira, eta batutako dirua gaixotasun arraroak dauzkien Bermeoko umeen tratamenduetara bideratuko dabe. Alkateak errespetuz eta arduraz gozatzeko deia egin dau, eta egitarau osoa bizibermeo.eus webgunean dagoela gogoratu dau.





