Bermeoko parrokiek eztabaida publikorako eta hausnarketarako deia egin deutsie herritarrei. Datorren domekan, maiatzak 24, informazio batzar bat egingo dabe Andra Mari parrokian, eguerdiko 12:00etako meza ostean. Bileraren helburu nagusia Bermeoko Udalak parrokiekaz sinatu gura dauen hitzarmen barria eta honek dakarren egoera kezkatzailea azaltzea da.
Deialdia egin dabenek datu zehatzak plazaratu gura izan dauz herritarrak jabe daitezen. Alde batetik, gogoratu dabe iaz Udalak 2.354 euro ordaindu zizkiela herriko zenbait lokaleri, elizei barriz, euren azpiegiturak erabiltzeagaitik, 150 euroko laguntza baino ez ziela ematen batez beste. Bestalde, parrokien arduradunek salatu dabe aurten aurkeztu daben proposamenean Udalak ez daukala asmorik herriari hainbesteko balioa ematen deutsion kultur eta erlijio ondarea mantentzen laguntzeko.
Parrokien erabilera zabala eta proposamen barria
Batzarra deitu dabenek azpimarratu dabe Udalak urtean zehar askotan eskatzen daukala parrokien edo elizpeen erabilera herriko ekintza ugari aurrera eremateko, hala nola orkestra kontzertuak, musika eskolako emanaldiak, Musika Astea, Euskararen Eguna edota jaietako hasierako ekitaldiak. Erabilera sozial eta kultural handi honen aurrean, parrokiek euren aldetik Udalari zer proposatuko deutsien argitu gura dabe domekako saioan.





