Adimen artifiziala ez da dagoeneko teknologia enpresa handien kontua soilik. Gernika-Lumon, eraldaketa digitalak bidea ireki gura dau internetek, automatizazinoak eta komunikazino digitalak gero eta gehiago baldintzatzen daben merkatura egokitu gura daben denda, autonomo eta enpresa txikien artean.
Giro honetan, Gernika-Lumoko Lanbide Ekimenak Zentroak enpresa-digitalizazinorako ibilbide barri bat jarriko dau martxan aurten, SPRIgaz alkarlanean eta Inaplantariaken laguntza teknikoagaz. Egitasmoak adimen artifizialean eta tresna digitaletan zentratutako lau tailer praktiko jasotzen dauz. Saioak ekainaren 9an, irailaren 22an, urriaren 20an eta azaroaren 24an egingo dira, beti goizeko 10:00etatik 13:00etara, zentroak Alhondiga kaleko 6. zenbakian daukan prestakuntza-gelan.
Ekimen hau ez da barria udalerrian, Lanbide Ekimenakek ekintzailetzagaz, enpresen modernizazinoagaz eta tokiko negozioen digitalizazioagaz lotutako hainbat ikastaro hartu dauz-eta azkenaldian. Horreen artean, enpleguari aplikatutako adimen a artifizialari eta gaitasun digitalen garapenari lotutako saioak be egon dira, SPRIgaz batera sustatutakoak.
Eguneroko lanerako tresnak
Gune honen helburua enpresei euren egunerokoan laguntzea da. Halan, programa ekainean hasiko da, zereginak automatizatzeko eta akatsak gutxitzeko IA tresnak erabiltzen ikasteko saio bategaz. Ondoren, negozioen presentzia digitala hobetzeko, hedapen-kanpainak dinamizatzeko eta kudeaketan lagunduko daben laguntzaile birtualak zein mugikorrerako konponbideak erabiltzen ikasteko tailerrak etorriko dira.
Prestakuntzea talde txikietan garatuko da, bost eta zortzi pertsona artean gitxi gora-behera, ikaskuntza praktikoagoa eta pertsonalizatuagoa izan dadin. Eskariaren arabera, antolatzaileek ez dabe baztertzen talde barriak sortzea edota banakako saioak eskaintzea.
Jon Lejarraga Gernika-Lumoko Udaleko Sustapen Ekonomikorako zinegotziak aldaketa teknologikoan tokiko ekonomiari laguntzeko udal estrategiaren barruan kokatu dau ekimena: “Enpresa txikiek eta tokiko merkataritzak orain arte konpainia handientzat bakarrik ziren tresnak eskura izatea nahi dogu. Digitalizazioa dagoeneko ez da etorkizuneko aukera bat, orainaldiko beharra baino”, adierazi dau.
Interesatuta dagozan pertsonek izena emon edota informazio gehiago eskatu ahal dabe zuzenean Lanbide Ekimenak Zentroan (Alhondiga kalea, 6). Antolatzaileek izen-emotea aldez aurretik egitea gomendatzen dabe, talde bakoitzerako plaza kopurua mugatua denez, plaza barik ez geratzeko.





