Bermeoko Udalak gezurtatu egin dau azken egunotan hainbat hedabide eta sare sozialetan zabaldutako informazioa, eta argi itzi dau ez daukala inolako lotura instituzionalik, kontratazio-harremanik edota lankidetzarik Guardian Homeland Security enpresagaz. Udal erakundeak berretsi egin dau Israelgo industria militar zein segurtasun enpresen aurkako boikot instituzionalagaz daukaten konpromiso irmoa.
Udal gobernuak azaldu dauenaren arabera, Guardian Homeland Security enpresa Israelgo segurtasun eta defentsa aparatuekin lotu izan da publikoki. Ondorioz, enpresa horrek daukan jardun eredua guztiz bateraezina da Bermeok giza eskubideen defentsaren eta Palestinako herriarekiko elkartasunaren alde hartuta daukan konpromiso politiko zein etikoagaz. Ildo horretatik, kontratazio publiko arduratsuaren alde egiten jarraituko dabela azpimarratu dabe, okupazioa, militarizazioa eta giza eskubideen urraketak sostengatzen dituen enpresen aurkako neurriak bultzatuz.
Poliziaren esku-hartzea Loiun eta elkartasuna
Bestalde, Bermeoko Udalak gogor gaitzetsi dauz Loiuko aireportuan Global Sumud Flotillako kideen etorreraren harira izandako gertaerak. Harrera egitera bertaratu ziran herritarren aurka egondako polizia-kargak, identifikazioak eta esku-hartzeak “oso kezkagarritzat” jo dauz Udalak, eta erantzukizun politikoak zein gardentasuna eskatu dauz.
Udalak gogorarazi dauenez, flotillako ekintzaileek eurek aurretik salatu zituztela Gazara laguntza humanitarioa erematen saiatu zirenean jasandako erasoak eta tratu txarrak. Egoera honen aurrean, Bermeoko herriak berretsi egin dau nazioarteko elkartasunagaz, giza eskubideen defentsagaz eta bakearen alde lanean dabiltzan pertsonen kriminalizazioaren aurka daukan konpromiso sendoa.





