Ibarrangeluko Udalak udalerriko Hirigintza Plan Orokorra (HAPO) berritzeko bideari ekingo deutso. Plan honen helburua herriaren etorkizuneko garapena marraztea denez, herritarren iritziak eta beharrak batzeko parte-hartze prozesuaren 1. faseko egutegia plazaratu dabe, diagnostikoa alkarregaz osatzeko. Ekimenak hainbat saio eta jardunaldi jasotzen dauz datozen asteetan, herritar guztiei euren ekarpenak egiteko aukera zabalduz.
Prozesuari hasiera emoteko, maiatzaren 27an, arratsaldeko 19:00etan, informazio eta formakuntza hitzaldi bat egingo da herriko Kultur Etxean, “Zer da HAPOa? Zertarako eta norentzat egiten da?” izenburupean. Saio honen bitartez, hirigintza planak herrian daukaten garrantzia eta funtzioa azalduko jake bertaratzen diran auzotarrei.
Tailerrak eta karpa irekia frontoian
Aurrerago, ekainean eta uztailean, ekintza praktikoagoak eta eztabaidak egiteko guneak zabalduko dira herrian:
Ekainaren 11n (16:30 – 19:00): Parte-hartze karpa irekia jarriko dabe Frontoian, herritarrek modu informalagoan euren proposamenak helarazi ditzaten.
Ekainaren 18an (19:00): Jardunaldi partizipatibo nagusia egingo da Kultur Etxean. Bertan, herriarentzat berebiziko garrantzia daukaten arloak aztertuko dira: espazio publikoa, ingurumena, mugikortasuna, etxebizitza eta ekipamendu publikoak.
Uztailaren 2an (19:00): Hirigintza barneratzaileari buruzko parte-hartze tailerra antolatu dabe Kultur Etxean, guztiontzako herri irisgarriago eta berdinzaleago baten oinarriak jartzeko.
Ibarrangeluko Udaletik herritar guztiak animatu gura dauz saio hauetan parte hartzera, herriaren etorkizuneko hirigintza-lerroak adosteko orduan guztien ahotsa entzuna izatea funtsezkoa baita.





