Datorren domekan, maiatzaren 31n, atletismoa izango da protagonista nagusia Bermeon. Bermeoko Udalak eta Taraska Atletismo Taldeak elkarlanean antolatuta, Atletismoko Haur Olinpiaden edizio barri bat egingo da herrian. Ekimen hau herriko Lehen Hezkuntzako ikasleei zuzenduta dago, eta kirol-jardunaren gozamena zein atletismoaren oinarrizko balioak partekatzeko jardunaldi ludiko eta hezitzailea izatea gura dau.
Jardunaldia goizeko 10:00etan hasiko da Artza frontoian. Bertaratzen diran neska-mutilek hainbat atletismo-probatan parte hartzeko aukera izango dabe, hala nola altuera jauzian, vortex jaurtiketan, oztopo-lasterketetan eta abiadura-probetan. Antolatzaileen helburu nagusia da, kirol modalitate honeek ezagutarazteaz gain, haurren artean harreman osasungarriak, parte-hartzea eta talde giro bikaina sustatzea.
Prestaketa pedagogikoa ikastetxeetan
Urtez urte handia izaten da ekimen honek daukan erantzuna, eta aurten be harrera oso zabala espero dabe. Parte hartu nahi daben ikasleek euren ikastetxeetan emon beharko dabe izena aldez aurretik, eta dortsala eskolan bertan jasoko dabe.
Gainera, aurten olinpiaden prestaketa pedagogikoa indartu gura izan dabe. Hori dela eta, herriko ikastetxeei proposatu jake atletismo-probak Soin Hezkuntzako saioetan lantzea. Helburu horregaz, Taraska Atletismo Taldeak berariaz prestatutako saio didaktiko bat bidali deutse eskoliei, irakasleek proposamen gisa erabili dezaten. Antolatzaileek azaldu dabenez, haurrek probak aurretik landuta edukitzeak jardunaldira segurtasun, konfiantza eta motibazio handiagoagaz gerturatzea ahalbidetzen dau.
Bermeoko Udalak herriko neska-mutil guztiak animatu gura dituzte parte hartzera. Era berean, eskerrak emon gura izan deutsez hezkuntza-komunitateko kide guztiei haur eta gazteen artean jarduera fisikoa eta bizi-ohitura osasungarriak sustatzeko egiten daben ekarpenagaitik, txikitatik bizimodu aktibo bat bultzatzeko berebiziko garrantzia dauka-eta.





