Joan dan asteburuan Santa Maria eta Santa Eufemia parrokien inguruan elizaren aldetik zabaldutako adierazpenen eta informazio batzarraren ostean, Bermeoko Udalak bere ikuspuntua plazaratu gura izan dau, egoerea argitzeko eta lankidetzarako daukan borondatea berresteko. Udal gobernuak defendatu dauen jarrerea elkarrizketan eta herriaren interes orokorra zein ondarearen balioa uztartzean oinarritzen da.
Gaur egun, Udala eta parrokiak hitzarmen barri bat lantzeko fasean dagoz. Udalak irmo adierazi dau bere asmoa ez dela inoiz izan parrokien gain gasturik uztea; aitzitik, udal erabilerak (urtean gitxi gora-behera zortzi kontzertu parrokien barruan eta elizpeen erabilera ohiko baldintzetan) sortu ahal dabien funtzionamendu-gastuei erantzun gura deutse.
Egoera honen aurrean, Udalak datu ekonomiko barriak emon dauz argitara: 2018tik indarrean dagoen akordioari esker ekarpen bat egiten bazen be, aurtengo proposamenean igoera nabarmena planteatu dabe. Orain arteko 2.400 euro inguruko laguntzatik, urtean 4.000 euroko ekarpena egitera igotzea proposatu du Udalak. Agintarien ustez, urrats honek agerian uzten dau akordio orekatu bat lortzeko benetako gogoa dagoela, kontuan hartuta inguruko udalerri askotan era honetako lagapenek ez daukateela inolako ordainsari ekonomikorik.
Proiektu barriak eta turismo zirkuitua
Udalak auzia konfrontaziotik at kokatu gura izan dau eta gogoratu dau ondarea zaintzeko eta herria suspertzeko proposamen zehatzak be egin deutsezela elizari. Hain zuzen be, Udalak Gaztelugatxeko San Juan Interpretazio Zentroa Santa Maria elizan kokatzeko proiektua aurkeztu zion parrokiari. Proiektu honen helburua Alde Zaharrari bultzada bat ematea zen, Kabidxeren egungo jarduna mantenduta eta espazio historiko horri erabilera publiko eta kulturala emanez, baina parrokiaren aldetik oraindik ez dabe erantzunik jaso.
Azkenik, Bermeoko Udalak eskerrak emon gura izan deutsez parrokiei urteetan erakutsitako prestutasunagaitik. Bi elizak herriko ondare historiko eta kulturalaren zati garrantzitsu direla azpimarratu dabe, eta horren erakusgarri da, parrokiek eurek eskatuta, bi tenpluak Bermeoko turismo-zirkuituaren barruan txertatu izana.
Udalak berretsi dau elkarrizketarako bidea zabalik dagoela oraindik be elkar ulertzetik adostasun batera heltzeko.





