Bermeoko Udaleko Behargintzak antolatuta, ARRAIN AZOKA PRO 2026 jardunaldia egin da Bermeon, Ekonomia Urdinaren esparruan lankidetza, berrikuntza eta garapen ekonomikoa sustatzeko asmoagaz. Joan dan barikuan izandako ekitaldi honetan 45 pertsona inguru batu ziran, eta bertan parte hartu eben enpresek, Lanbide Heziketako zentroek, administrazio publikoek eta itsas zein irristatze ekosistemako agenteek.
Jardunaldiari hasierea emoteko, Maite Caruezo Bermeoko Udaleko zinegotziak, Cristina Mugika Lurralde Lehiakortasuneko eta Kanpo Sustapeneko zuzendari nagusiak eta Ixone Soroa Eusko Jaurlaritzako Arrantza eta Akuikultura zuzendariak Ekonomia Urdinari lotutako lan-ildo estrategikoak aurkeztu ebezan. Hiru agintariek arlo honek berrikuntzan eta lehiakortasuna bultzatzerakoan daukan garrantzia azpimarratu gura izan eben. Ondoren, lan-saio parte-hartzaile baten bidez, sektoreak aurretik dituen erronka nagusiak aztertu ziran.
Besteak beste, iraunkortasuna eta ekonomia zirkularra, material barrien garapena, belaunaldi-errelebo falta, talentu gaztea erakartzeko zailtasunak eta profil tekniko kualifikatuen gabezia izan ziran hizpide nagusiak. Halaber, enpresen eta Lanbide Heziketaren arteko lankidetza indartzearen premia nabarmendu zan, berrikuntza eta eraldaketa teknologikoa eragiteko.





