Gernikako Gerra-Presoen Ospitale Militarra (1938-1940) zarratu ebenetik 86 urte beteten diran honetan, Pipergorri alkarteak ekitaldi bereziak antolatu dabez urteurren adierazgarri hau gogoratzeko eta bertan hildakoak omentzeko. Ospitale haretan zendutako azken presoa Benito Fernández González asturiarra izan zan, 1940ko ekainaren 3an hil zana; haren heriotzaren ostean zarratu eben gune militarra, eta gertakari haretatik 85 urte beteten dira aurten. Urteko sasoiko ohiturari jarraituz, egun horren bueltan omenaldi hunkigarria egiten jake ospitalean bizia galdu eben 269 presoeri.
Guzti honen inguruan, hitzordu nagusia maiatzaren 30ean izango da, zapatuan, Zalloko hilerrian dagoen 269 Memorialean. Ekitaldia goizeko 11:30etik 12:30era bitartean burutuko da, “269 in memoriam” lelopean, eta memoria publiko zein inklusiboa aldarrikatzea izango dau helburu.
Aurten, gainera, omenaldiak parte-hartze oso berezia eukiko dau, hainbat familia Gernikara etorriko dirala agindu dabelako euren etxekoen memoria-testigantzak emotera. Betiko moduan, ekitaldian zehar hildakoen izenen irakurketa partekatua egingo da —”Izanari izena emon” ekimenaren bitartez— eta lore eskaintza bategaz amaituko da. Alde musikala bideratzeaz eta giroa janzteaz Segundo Olaeta Musika Eskolako bandakideak arduratuko dira.
Pipergorri alkarteak gernikar-lumotar guztiei egin deutse konbita zapatuko omenaldian parte hartu deien, herriko historiaren pasarte hau gogoratu eta elkarregaz memoria bizirik mantentzeko.





