Bermeoko Udaleko Osoko Bilkurak hasierako argitalpenean onartu dau udalerriko oinezkoentzako guneak arautzen dauzen ordenantza barria, batez be Alde Zaharrari eta Portuzarra inguruari eragiten deutsana. Araudi hau 2016tik egoan indarrean, eta eguneratzeak gobernu taldeko EH Bildu eta Guzan alderdien babesa jaso dauen bitartean, jeltzaleek kontra bozkatu dabe testuak koherentzia falta daukala eta auzokideei kalte egiten deutsala iritzita. Hasierako onarpen honen ostean, akordioa Bizkaiko Aldizkari Ofizialean argitaratuko da eta 30 eguneko jendaurreko epea zabalduko da, alegazioak aurkeztu ahal izateko.
Nadia Nemeh Shomaly alkateak erreforma defendatu dau, neurria inprobisatua ez dela ziurtatuz eta indarrean urte asko daroazan araudi bat beharrizan barrietara egokitzeko beharra azpimarratuz. Azaldu duenez, espediente barriak “segurtasun juridiko handiagoa, irizpide argiak eta bermeak” ekarriko dauz lehen zehazki araututa ez egozen egoeretarako. Berrikuntza nagusien artean, Alde Zaharrean erregistratuta dagozen 259 lokalen jabeei sartzeko baimena emongo zaie, etxebizitza turistikoentzako irizpideak txertatuko dira, aldi baterako baimenak bateratuko dira eta prozedura lokalen modernizazioan sakonduko da.
Era berean, araudiak beren-beregi zehazten dau Portuzarrako zirkulazioaren muga, gune hau oinezkoentzat finkatzeko. Neurri hau Aste Santutik dago martxan eta udari begira 400 baimen-eskaera inguru jaso dira dagoeneko. Alkateak adierazi duenez, “Bermeoko portua ezin da ibilgailuen igarobide huts moduan ulertu”, topaketarako, nortasunerako eta jarduera ekonomikoerako espazio moduan baino, ume zein nagusientzako inguru segurua lortzeko asmoagaz. Gobernu taldetik gaineratu dabe ekimenak ez duela debeku logika bati erantzuten, espazio publikoa hobeto antolatzeko eta bizikidetza bultzatzeko nahiari baino.
Ostera, EAJ-PNVk bere aurkako botoa arrazoitu dau azken dokumentuak ez dauelako espazioaren erabilera koherentea bermatzen, ezta egoiliarren errealitateari ondo erantzuten be. Zirkulazioa arautzeko helburuagaz ados egon arren, prozesuan plangintza eta parte-hartze falta egon dela salatu dabe jeltzaleek. Oposiziotik nabarmendu dabe testuak ziurgabetasuna eta bidegabeko bereizketak sortzen dauzela, eta gogor kritikatu dabe: “ez du zentzurik kasu batzuetan baimen iraunkorrak aurreikustea eta beste batzuetan baimen puntualetara mugatzea. Ordenantza honek koherentzia behar du”.
Alderdi jeltzaleak jende asko batzen den arratsaldeko ordutegietan murrizketak datuetan oinarritutako azterketarik gabe finkatu izana be gaitzetsi dau, eta dokumentu itxi baten aurrean topo egin izana deitoratu du. Azkenik, Udalaren kudeaketaren inguruko kezka azaldu dabe, baimenak behin-betiko esparru juridikorik gabe ematen hasi direla ohartaraziz: “lehenik erabakiak hartu eta gero ordenantza batean sartzen saiatu”. Amaitzeko, oposizioko taldeak argi utzi gura izan dau “Bermeok ondo landutako arauak behar dauzela, plangintzarekin, benetako parte-hartzearekin eta guztiontzako espazioaren erabilera orekatua bermatuko dutenak”.





