Bermeoko Udaleko Gazteria Sailak gazteei prestakuntza eta garapen aukerak eskaintzeko konpromisoari eutsi deutso. Ildo horretatik, 2026-2027 ikasturterako aisialdiko begirale ikastaroa antolatu dau, hezkuntza ez-formalean eta aisialdi hezitzailean interesa daukaten gazteei zuzenduta. Ume eta gazteakaz heziketa-lanetan jardun nahi dabenentzat aukera bikaina izango da, euskaran eta balio hezitzaileetan oinarritutako prestakuntza jasotzeko. Ikastaroa gainditzen dabienek Eusko Jaurlaritzak homologatutako Ume eta Gazteen Aisialdirako Begirale titulua eskuratuko dabe.
Prestakuntza metodologia parte-hartzaile baten bidez garatuko da eta feminismoa, parte-hartzea, aniztasuna eta kulturartekotasuna izango dauz ardatz, tokiko errealitatera egokituta. Helburua da aisialdi hezitzailearen eta euskararen sustapenean eragile aktibo izango diren begiraleak prestatzea. Ikastaroak bi atal ezinbesteko daukaz: alde teorikoa, 150 ordukoa, eta praktikoa, 160 ordukoa. Titulua lortzeko, nahitaezkoa izango da bi atalak gainditzea.
Ikastaroa 2026ko urriaren 17an hasi eta 2027ko apirilaren 24an amaituko da. Izena emoteko epea urriaren 9ra arte egongo da zabalik, plazak lehenago betetzen ez badira. Interesatuek Bermeoko Gazteentzako Informazio Zerbitzura (GIZ) jo behar dabe, Bermeoko Gizarte eta Kultura Etxean, eta bertan izen-emate orria bete. Parte hartu ahal izateko, ikasleek 2027an 18 urte beteta euki behar dabe, gutxienez, eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako (DBH) titulua eduki. Ikastaro osoa euskaraz eskainiko denez, ezinbestekoa izango da hizkuntza horretan behar adinako gaitasuna izatea.
Saio teorikoak eta praktikoak ikasturte osoan zehar banatuko dirala zehaztu dau Udalak. Horietatik bederatzi asteburu Bermeoko Gizarte eta Kultura Etxean egingo dira, zapatuetan, 10:00etatik 18:30era bitartean, bazkaltzeko etenaldiarekin. Horrez gain, beste hiru asteburu La Arboledako aterpetxean egingo dira, zapatuko 10:00etatik domekako 15:00etara. Matrikularen prezioari dagokionez, 360 eurokoa izango da 35 urtetik beherako eta Bermeon erroldatutako gazteentzat; gainerakoentzat, berriz, 460 eurokoa. Zenbateko horretan sartuta dagoz La Arboledako aterpetxean egingo diren hiru egonaldiak, mantenu osoarekin.
Azkenik, prestakuntzaren helburu nagusien artean gizartean eragiteko kontzientzia kritikoa lantzea, talde-lanerako gaitasunak garatzea eta sormena sustatzea dagoz.
Ikastaroari buruzko informazio gehiago eskuratu nahi daukatenek 94 617 91 58 telefono zenbakira deitu edo 688 81 99 50 WhatsApp zenbakira idatzi aha dabe.





