Busturiko Udalak jasangarritasun energetikoaren aldeko apustu sendoa indartu dau udalerriko landa-eremuetako puntu nabarmenen argiztapena hobetuz. Legegintzaldiaren hasieratik martxan jarritako proiektu honen bidez, energia-eredu eraginkorrago, autonomoago eta ingurune naturala errespetatuko dauen bideari ekin deutso Udalak, ohiko konexio elektrikoaren kostu handiengatik argiteria publikoa jartzea zaila zan landa-guneei lehentasuna emonez.
Azken hiru urteetan 8 eguzki-farola jarri dira gune estrategikoetan, eta guztira 43.289,51 euroko inbertsioa egin da. Duela gutxi egindako lanen artean, Udalak eguzki-farola bat jarri dau Urkioben, Altamira, Axpe eta Bermeorako bidegurutzean hain zuzen be, inguruko segurtasuna eta irisgarritasuna handitzeko. Aurretik, 2025ean, Goierri auzoko Zabale eta Lurkoirako bidegurutzean jarri zan beste eguzki-farola bat. Atzerago begiratuta, 2023 eta 2024 urteen bitartean, beste 6 gailu instalatu ziran: bost Altamira auzotik Cefetxeraino (San Bartolomen) eta seigarrena Alarbinen.
Aitor Aretxaga alkateak azaldu dauen moduan, “udalerriko hainbat landa-gunetan eguzki-farolak jarri doguz, eta lehentasuna emon deutsegu ohiko konexino elektrikoaren kostu handiak argiteria publikoa ezartzea zailtzen eban eremuei. Konponbide horri esker, herritarren bizi-kalitatea hobetzen da, gaueko joan-etorrien segurtasuna handitzen da eta ingurumen-inpaktua murrizten da” eta proiektuak aurrera jarraituko dauela azpimarratu dau.
Eguzki-argiztapen sistema honek abantaila handiak dakarz, urte osoan zehar funtzionamendu autonomoa ahalbidetzen baitu eguzki-energia kontsumo baxuko LED argiak kargatzeko aprobetxatuz. Kableak jartzeko obra zibil konplexuak saihesteaz gain, mantentze-lanen kostuak nabarmen murrizten dauz eta udalerriko karbono-aztarna txikitzen laguntzen dau. Konponbide barritzaile honi esker, herritarren bizi-kalitatea hobetzen da eta gaueko joan-etorrien segurtasuna bermatzen da.
Azkenik, alkateak gogoratu dau gobernu-programaren barruan auzoetako zerbitzuak hobetzeko beste hainbat inbertsio be egiten ari direla. Besteak beste, auzo guztietan zuntz optikoa instalatzea, landa-bideak mantentzea eta hiri-bideak asfaltatzea aipatu ditu. Horregaz batera, berriki herriko farmaziako atearen ordez ate automatiko eta funtzionalago bat jarri dabe, mugimendu-sentsoreagaz, mediku-kontsultategian egin zan moduan. Hobekuntza zehatz honetan 6.816 euro inbertitu dituela jakinarazi dau Udalak.





