Gernika-Lumoko Udalak beste urrats garrantzitsu bat emon dau etorkizuneko udal-liburutegia eraikitzeko bidean. Euskadiko kontratazio publikoaren plataforman argitaratu denez, Pasealekuko eskola zahatako hegoaldeko eraikina berritu eta birgaitzeko proiektua idazteko eta obra zuzentzeko kontratua adjudikatu dabe. Egitasmo honen bidez, 1927an eraikitako higiezin historikoa liburutegi moderno eta gaur egungo beharretara egokitutako espazio bihurtuko da, jatorrizko eraikinaren nortasun arkitektonikoari eutsiz.
Udalak deitutako lehiaketara hamabi proiektu aurkeztu ziran, eta horien artean Iruñeko Moest Sociedad Microcooperativa estudioak Saioa Lafón Los Arcos arkitektoagaz batera diseinatutako “1927” izeneko proposamena gailendu da. Proiektu honek esku-hartze soil eta funtzionala planteatzen dau, herriko eraikin enblematiko bat berreskuratu eta kultura-erabilera barria emateko. Liburutegi barriak argitasun handiko irakurketa-gela ireki bat daukala zehaztu dabe, “altzari handi baten moduan” pentsatutako alboko egitura baten bidez antolatuta, barruko espazioak zabaltasun bisuala galdu barik ordenatzeko.
Jatorrizko eraikina berreskuratzea
Birgaitze-lanen barruan, fatxadako hainbat elementu historiko berreskuratuko dabez eta plazan dagoen frontoia berriro kokatuko dabe. Horrez gain, eraikinak igogailu bat eukiko dau, eta konexio zuzena egongo da Pasealekuaren eta Seber Altube anfiteatroaren artean. Diseinuaren helburu nagusietako bat argi naturalaren sarrera indartzea eta barrualdean irekitasun sentsazio handiagoa sortzea da. Lan guzti horiek egiteko, Udalak 1,5 milioi euro bideratuko dabezela aurreikusi dau.
Udal-liburutegi barriak 715 metro koadroko azalera eukiko dau, egungo liburutegi zerbitzuak daukazan 230 metro koadroen aldean. Udalaren asmoen arabera, eskola publiko zaharrak birgaitzeko lanak datorren uztailean hasiko dira. Parte hartu gura dabien enpresek hilaren 18ra arte daukie euren proposamenak aurkezteko epea, eta Tokiko Administrazioak eskaintza ekonomikoa, lanak burutzeko epearen murrizketa eta instalazioak martxan jartzeko denbora hartuko dauz kontuan, besteak beste.





