Gernika-Lumok txikizkako merkataritzaren balioa azpimarratzeko Misio Komertzial barri bat hartuko dau bihar

Gernika-Lumo eskualdeko merkataritza-erreferente nagusia dan neurrian, topagune garrantzitsu baten eszenatoki bihurtuko da bihar bertan, ekainaren 3an, asteazkenean. Escuela Vasca de Retail erakundeak antolatutako Misio Komertzial barria helduko da herrira, bertoko denden balioa eta hurbiltasuna aldarrikatzeko asmoagaz. Ekimen honek prestakuntza- eta inspirazio-jardunaldi bat planteatzen dau udalerriko dendari enblematikoetatik egingo den ibilbide gidatu baten bitartez, eta sektoreko profesionalek euren esperientziak zuzenean trukatu ahal izango dabez ibilbide luzeko negozioakaz.

Antolatzaileek nabarmendu dabe Gernika-Lumok lurralde-sustraietan, enpresa-koherentzian eta bezeroarekiko harreman zuzen zein pertsonalizatuan oinarritutako merkataritza-jarduera islatzen dauela. Mendeetako tradizio honek, topaketari eta inguruko produktuaren defentsari lotuta dagoenak, herriko pultsu ekonomiko eta soziala markatzen jarraitzen dau gaur egun be. Era honetara, herrigune bizi bat mantentzea lortu dabe, nortasun handikoa, azalera handien dinamiken aurrean kudeaketa eta erresistentzia eredu moduan balio daukana.

Barruko kudeaketan sakontzeko ibilbide gidatua

Jardunaldian zehar, bertaratutakoek bisita tekniko bat egingo dabe herriko hainbat denda esangurutsutan barrena, euren ibilbide profesionalagaz eta ofizioa ulertzeko moduagaz konprometituta dagozenak hain zuzen be. Misio Komertzial honen helburua joera arruntak edo erakusleihoak ikustea baino sakonagoa da: saltokietan sartzea dakar, arduradunei zuzeneko galderak egiteko, entzuteko eta behatzeko. Dendari parte-hartzaileek aztertu ahal izango dabe nola sendotu diren tokiko negozio horiek merkatuan, zer erabaki estrategiko izan ziran nagusi euren bilakaeran eta zer ikasi daben denboragaz bezeroakaz daukaten harremanetik.

Deialdi hau, batez be, euren negozio-ereduak hobetu nahi dabezan txikizkako sektoreko merkatariei, autonomoei eta profesionalei zuzenduta dago. Programak espazio bikaina eskaintzen dau bakoitzaren egitura komertzialak ingurune hurbileko errealitate arrakastatsuekin alderatzeko, formula korporatibo itxietatik ihesi. Ibilbide formatibo honetan parte hartzeko izen-emateak Escuela Vasca de Retail plataformaren bidez egin ahal dabien oraindik, eta aukera paregabea da norberaren negozioa ikuspegi estrategikoago bategaz begiratzeko eta kriterio profesionala sendotzeko.