Mundakan herriko elkarteetan euskararen erabilera sustatzeko lanketa barriari ekin deutsie

UEMAk (Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak), Mundakako Udalagaz lankidetzan, herriko elkarteekaz batera euskararen erabilera aztertzeko eta indartzeko egitasmo barri bat jarri dau martxan. Lanketa honen bidez, elkarteetan euskarak daukan presentzia jakin nahi da, bai eta eguneroko jardunean erabiltzen diran hizkuntzak eta etorkizunera begira dagozen erronkak identitifikatu be.

Mundaka udalerri euskalduna da erabat: herritarren %68,4k euskaraz daki eta beste %8,9k ulertu egiten dau. UEMAko kide denez, herriaren helburu nagusia euskaraz bizitzea da, eta horretarako ezinbestekoa ikusten dabe herriko eragile guztien inplikazioa. Elkarteek, bereziki, paper garrantzitsua daukie herriko bizitzan, antolatzen dabezan ekimen eta jardueren bitartez herritarrak batzen dabezelako.

Galdetegiak betetzeko epea ekainaren 13ra arte

Abian jarri den lanketa honen lehenengo urratsa bi galdetegi labur betetzea izango da.

Elkartearen galdetegia

Hezitzaile edo entrenatzaileen galdetegia

Bigarren galdetegi hau hezitzaileak edo entrenatzaileak daukizan elkarteetako kideek bete beharko dabe. Biak betetzeko epea ekainaren 13ra arte egongo da zabalik.

Behin emaitza guztiak jasotakoan, uda ostean aurkezpen saio bat egingo dabe ondorioak herritarrekin partekatzeko eta etorkizuneko lan-ildoak zehazteko.

Udalak eta UEMAk herriko elkarte guztien parte-hartzea eskatu dabe, prozesu honek arrakasta eukitzeko funtsezkoa izango baita guztien laguntza. Informazio gehiago nahi dabienek edo zalantzak argitzeko, interesatuek azelaia@uema.eus helbidera idatzi ahal dabe.