Santanapeko kiroldegian 272 eguzki-plaka jartzeko lanak martxan dagoz dagoeneko

Gernika-Lumoko Santanape kiroldegian hasi dira teilatuan eguzki-instalazio fotovoltaiko bat jartzeko obrak. Esku-hartze honen bidez, Udalak udalerrian jarduera handiena daukien kirol-instalazioetako baten energia-kontsumoa gitxitu nahi dau, eta bide batez, energia berriztagarrietarako trantsizio-estrategia indartu.

Proiektuak 272 eguzki-panel jartzea aurreikusten dau, gitxi gora-behera 650 metro koadroko azaleran. Lanak amaitutakoan, instalazioak 122 kilowatt piko (kWp) potentzia lortuko dau, kirol-gunearen energia-eskariaren zati handi bat asetzeko nahikoa. Udalaren estimazioen arabera, azpiegitura barri honek kiroldegiaren urteko energia-kontsumoa %25 inguru murriztea ahalbidetuko dau. Aurrezte honek eragin zuzena eukiko dau Udal Kirol Patronatuak kudeatzen dauen zerbitzuaren funtzionamendu-kostuetan, eta kontsumo elektrikoari lotutako emisioak txikitzen lagunduko dau.

Kiroldegiko ohiko jarduerari eutsi egingo jako

Lanek 159.090,52 euroko aurrekontua daukie, eta eraikin publikoetan energia berriztagarriak bultzatzeko udal-estrategiaren barruan kokatzen dira. Helburua energia-eredu eraginkorrago baterantz bidea egitea da, ohiko iturriekiko mendekotasuna murriztuz eta udal-instalazioen errendimendua hobetuz.

Gernika-Lumoko alkateak, José María Gorroñok, adierazi dau proiektu hau “Udalak jasangarritasunagaz eta energia-eraginkortasunagaz dauen konpromisoan beste urrats bat” dela. Gainera, ekipamendu publikoetan energia berriztagarriak jartzearen garrantzia azpimarratu dau, kostuak merketzeko eta ingurumenarekiko errespetu handiagoa daukala erakutsiko dauen udalerri baterantz joateko.

Obrek hiru hilabete inguruko iraupena eukiko dutela aurreikusi dabe, eta ez dabe kiroldegiaren ohiko funtzionamenduan eragingo. Kirol-jarduerak eta instalazioak emoten dabezan zerbitzuak normaltasun osoz mantenduko dira lanak egiten ari diren bitartean.