Muxikan mugikortasun seguruago eta jasangarriago baten aldeko martxak egingo dira datorren domekan, ekainaren 7an.
“Istripu gehiagorik ez Muxikan!” lelopean, bide-segurtasuna bermatzeko eta herritarrak kontzientziatzeko mobilizazio indartsua prestatu dabe udalerrian.
Deialdiak bi abiapuntu desberdin eukiko dauz igande goizean herritarrak biltzeko:
- Zugastietan: Goizeko 10:30ean izango da lehenengo hitzordua, tren geltokiaren inguruan.
- Kurtzeron: Bigarren zutabea 10:45ean abiatuko da, Galtzadaren aurrealdetik.
Antolatzaileek gogorarazi dabe parte-hartzaile bakoitzak bere txaleko islatzailea ekarri behar dauela etxetik, bidean segurtasuna bermatzeko. Horrez gain, zehaztu dabe Zugastietatik Kurtzerorako bidea egingo daben 10 eta 15 urte bitarteko neska-mutilek heldu baten laguntzagaz joan beharko dabeela.
Martxa honeen bidez, bizikleta eta oinezkoen mugikortasuna bultzatu nahi da, Muxika ingurune jasangarriago eta istripu gabeko herri bihurtzeko bidean.





